Merkantzien saihesbidea ekidin nahi dute
AHTaren merkantzietarako saihesbidearen proiektuaren fase informatiboa pasatu berri da. Oposizioaren arabera, kalte handiak sortuko ditu linea bat egiteak.
Espainiako Sustapen Ministerioak Donostiako Martutene auzoa eta Lezoko Gaintxurizketa parajea lotuko dituen AHT linearen informazio fasea abiarazi zuen uda betean, eta abuztuaren 3an bukatu zen alegazioak jartzeko epea. Herritar talde bat mugitzen ari da, AHTaren zati estra izango litzatekeen trazatua eraiki ez dezaten eskatzeko.
Gogorarazi dutenez, Donostiatik Irunera europar zabalerako burdinbidea jartzen ari dira, lotura-eta betetzen ari dira. Gainera, Frantziako Estatuak 2030ra arte tiraderan sartu du abiadura handiko trenarena; lotura betiko trenbidearen bitartez izango da.
Orain, Martutene eta Gaintxurizketa lotuko dituen linea hori eraikitzeko planak dituzte esku artean, merkantzientzako. Nahiko paradoxikoa dela uste dute mugimendukoek. «Abiadura handiko trena bidaiarientzat pentsatuta zegoen, eta merkantziak eraman zitzakeen. Orain, zati bat egin nahi dute merkantzietarako esklusiboki», gogorarazi dute. Egun dagoen trenbidea kolapsatu daitekeela da zati berri hori eraikitzeko erabili duten justifikazioa.
Azterketari dagokionez, datuak «puztuta» daudela salatu dute. «Datozen urteetan merkantzia garraioaren gorakada handia egongo dela iragarri dute. Errealitateak esaten du, baina, jaisten ari dela merkantzien garraioa, bai errepidez, bai itsasoz, baita trenez ere». Ekonomiaren egungo moteltzeak «are justifika ezinagoa» egingo lukeela uste dute.
AHTaren linea berriak 476 milioi euroko aurrekontua du, ia 50 kilometroko
Mugimenduko kideen arabera, orain arteko interes ekonomiko berberei bazka eman nahi die burdinbide berriak. «AHTaren zati gehienak bukatuta edo esleituta daudenez, makinaria horrek gehiago jan behar du. Horregatik egin dute zati berri hau».
Esan dutenez, trenbide zatia Jaizkibelen magalean bukatzea ez da ausazkoa. «Planoetan agertzen ez den arren», zehaztu dute, «plataforma intermodala egongo litzatekeen tokian bukatuko litzateke, Gaintxurizketan. Proiektu hori ez dago erabat baztertuta». Pasa den urtarrilean, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen Ministroak hitzarmena sinatu zuten.
Horren arabera, Gasteizko gobernuak Lezoko plataforma intermodalaren azterketa informatiboa egingo du, eta eraikuntza proiektua esleitzeko eskumena izango du. Horrez gain, Jaizkibia elkartea martxan zenean, Jaizkibelgo kanpo kaiarekin azpiegituren hirukote bat osatu nahi zuten, baina portuaren handitzea behin betiko utzi zen tiraderan gordeta.
«Superportuaren proiektu hura erori zenez, justifikazio are gutxiago dauka. Baina tematuta daude», gaineratu du AHTari oposizioa egiten dion mugimenduak.
Kritikatu dutenez, trenbide zati berriaren eta plataforma intermodalaren ingurumen eraginaren txosten bateratua egin beharko lukete, baina ez da hala izan. «Tranpa egiten dute, zatikatzen dute, batak bestearekin zerikusirik ez balu bezala».
Horrez gain, jakinarazi dute Pasaiako Portuko enpresa batzuek —tartean, Algeposa— kritikatu dutela trenbidearen bideragarritasuna. «Merkantziak Gaintxurizketara eramango ditu. Portuarekin lotzeko bi kilometroko adar bat egin beharko lukete, zailtasun tekniko handiak dituena bai desnibelagatik, baita maniobrak egiteko. Denbora asko beharko lukete, eta enpresei ez zaie interesatzen».
Esan dutenez, Altsasu eta Irun lotuko lituzkeen bi tren pasatuko lirateke egunean, bakoitza joan-etorri banarekin: «Horrelako trafikoa egiteko hainbesteko inbertsioa egitea ere… AHT da Euskal Herrian inoiz egin den proiektu espekulatzailerik handiena, bai termino ekonomikoetan zein sozialetan».
Eragin hirukoitza
Donostiako Martutene auzotik Lezoko Gaintxurizketa aldera egin nahi duten trenbidearen kostuez hitz egin dute. Ekonomikoei dagokienez, 476 milioi euroko aurrekontua proiektatu dute. Zatituta, kilometro bakoitzeko ia 50 milioi euro izango lirateke.
«Kontuan hartu behar da, gainera, horrelako proiektuen kostuak nabarmen hazten direla». Horregatik, diru hori guztia gastu sozialetara bideratzeko eskatu dute, batez ere COVID-19ak sortutako osasun eta ekonomia larrialdi garaian. «Eskaera handia dago: pentsioak, zaintzan lanean ari diren pertsonak, kulturako jendea, osasungintzako langileak…».
Gainera, trazaketa berria egiteko hainbat lur eta baserri desjabetu beharko lituzkete. Baina ez hori bakarrik: «Oiartzunen badaukagu adibide bat. Linea berria Tajo enpresaren gainetik pasatuko litzateke, eta horrek suposatuko luke lantokia deslokalizatu beharko luketela. 90etik gora langile daude, eta haien bizimoduan eragingo luke». Lezoko Iturrin industriagunean, berriz, bi pabiloi botako dituzte, planoek diotenaren arabera.
Nekazaritzarako «lur onenak» txikituko lituzke trazatu berriak. Modu horretan, gogorarazi dute nekazari pertsona asko ari direla bertan lanean; jende gazte asko, eta nekazaritza ekologikoa egiten dutenak. «Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu zuen jarduera bere garaian».
Oarsoaldean mugitzen hasi dira; aste honetan bildu dira lehen aldiz
Ingurumenean izango duen eraginaz ere xehetasunak eman dituzte. Martutenetik Oiartzunera bitarteko zatia lur azpitik joango da, 5.553 metroko tunel bati esker. Bizarain mendia zulatuko dute, eta trena zabortegia izan zenaren azpitik pasatuko litzateke. Gainera, mendiaren azpian dauden iturburuak lehortuko dituela ziurtatu dute. «Toki askotan gertatu da lurra zulatu eta iturburuak lehortzea. Horrek, gainera, lurrazalean du eragina, errekak desagertu eta ingurua pobretzen baita», ohartarazi dute.
Proiektatutakoaren arabera, tunela Zentolen hilerriaren eta Talaia industrialdearen artean aterako litzateke, Aldaiburu eta Paraiso baserrietatik metro gutxitara. Baserri horiek ez dituzte botako, baina hortik aterako dituzte 1.580.000 metro kubiko lur.
«Eragina ikaragarria izango litzateke. Material hori botatzeko, gainera, Andoain eta Irun artean hamabost hondakindegi aurreikusten dituzte». Tunel luzeetan beharrezkoak diren larrialdi irteerak egiteko zulaketa gehiago egin beharko lirateke.
Lurraren barrunbeetan zein azaleran izango duen eraginaz gain, linea berria ez da oharkabean pasatuko: «Inpaktu handia izango du Oiartzunen, ikaragarria. San Markotik datorren tuneletik atera Mamuteko bulego erakinetatik sei metro eskasera pasatuko da zubibide bat. Ondoren Ertzain-etxetik joango da, Audele eta Mendin etxadietatik pasatuko da».
Hor beste azpiegitura erraldoi bat egin nahi dute, bi solairuko altuera duen hormigoizko kutxa handi bat; Frantziako Estatutik datorren AHT linearekin lotura izatea da funtzioa. Gero, Oliden kanpinera arte bihurgunean joango da, eta hor berriz atzera egingo luke, portuarekin lotuko duen adarrarekin lotzeko.
AHTaren kontrako mugimendukoek berretsi dute egungo trenbidearekin nahikoa dela, zabalera europarra izango duelako. «Merkantzietarako saihesbide hori maukatik atera dute. Proiektua aurreikusita zuten alor ekonomikoa asko haziko zelako, baina argi geratu da hori ezinezkoa dela». Merkantzien saihesbide horrekin kanpo kaiaren proiektuarekin egin zuten gauza berbera egiteko eskatu dute: alde batera uztea.
Alegazioak
AHTren linea berri horri orain arte emandako erantzunarekin pozik daude. Astigarragako, Errenteriako eta Oiartzungo udalek jarritako helegiteez gain, linea berria pasatuko den lursailak lantzen dituzten baserritarrek edo Donostia eta Lezo arteko herrietako hainbat elkarterenak nabarmendu dituzte: «Jendea oso kontzientziatua dago honekin. Alegazio bikainak jarri dituzte, gainera».
Atzo arratsean Errenteria-Oreretan elkartu ziren, eman beharreko pausoak zeintzuk diren aztertzeko. Trenari galga jarri nahi diotelako mugitzen hasiko dira, Nafarroan egin duten bezala. Oarsoaldeko mugimenduko kideek, halaber, elkartasuna adierazi diete gaur zortzi Nafarroan atxilotu zituzten zazpi lagunei, «bi proiektu baina borroka berbera» delako. Abuztuan AHTaren obrak sinbolikoki itxi zituzten, Alesbes eta Azkoien artean. Usurpazioa, mehatxuak eta dokumentuak faltsutzea egotzi dizkiete.
Lezoko Udalak izandako jarrera salatu dute
Uztaila bukaeran, AHTaren kontrako mugimenduak mozioak aurkeztu zituen Oarsoaldeko bi udaletxetan. Oiartzunen aurrera egin zuen mozioak, baina Lezon ez zen horrela izan, EAJk eta PSE-EE beren gehiengoa berretsi baitzuten.
Hala ere, Jesus Maria Martiarena Lezoko alkateak hartutako erabakia da gogor salatu dutena. Plenoa Gezala Auditoriumean egin zuten, eta hamabost bat herritarreko taldea kanpoaldean elkartu eta barrura sartzekotan zirenean, udaltzain batek bidea moztu zien. «Ez ziguten sartzen utzi, ezta ordezkari pare bat bakarrik bidalita ere. Esaten zuten ez zegoela tokirik… Gezalan espazio dezente dago», adierazi dute mugimenduko kideek.
Alegazioei dagokienez, Astigarragako, Oiartzungo eta Errenteriako udalek alegazioak aurkeztu dituztela nabarmendu dute, baina Lezokoak, ordea, ez. «Lezoko udalerria da gehien kaltetuko duenetako bat, eta ez dute txintik ere esan. Arduragabekeria bat iruditzen zaigu, herriaren interesak defendatu beharko lituzke», salatu dute.
Gogoratu dute Lezoko Udalak duela bost urte Lurraldeko Zatikako Planari jarri zion helegitea. Orduan EAJ —alkatetzan zegoen— eta EH Bilduk adostu zuten erabakia. Orduko udalaren arabera, Lezoko Plan Orokorraren «marra gorriak» gainditzen zituen plataforma intermodala barnebiltzen zuen plan horrek.
Uztaileko plenoan aurkeztutako mozioaren puntuetako bat zen alegazioak jartzeko epearen bukaera atzeratzea. «EAJ abstenitu egin zen, baina gero ez zuten aurkeztu», adierazi dute.
Oiartzunen, aurrera
Oiartzunen ere uztaileko plenoan aztertu zuten linea berria, gai zerrendako bi puntutan. Orain Ardura plataformak aurkeztutako mozioaz gain, udalak proiektuari txostena egitea onartu zuten. Udal gobernuan dagoen EH Bilduk hiru arrazoi nagusi eman zituen txostena egiteko (baita mozioa babesteko ere): Tajo enpresa eraitsi beharra; jendea bizi den eremuetatik gertu pasatuko litzakeela; eta nekazaritza zein abeltzaintzarako baliagarriak diren lurrak hondatuko lituzkeela.
«Txostena prestatzeko epe laburra utzi digutelako, herritar eta erakundeen parte hartzea zaildu du horrek», kexatu zen Jexux Leonet Oiartzungo alkatea. EAJ abstenitu egin zen, AHT «Euskadi garatzen jarraitzeko apustua» delako.