"Kultura gutxietsia da, bideratzen duelako ariketa politikoa egitera"
Alor askotan sortzen ari da Guillan. Bere lanik berrienetakoa ‘VHS’ eleberria da, Susa argitaletxearekin kaleratutakoa. Elkarrizketan ez da bere liburuari buruz hitz egitera mugatu.
Oier Guillan sortzaile oreretarrak —egun Oiartzunen bizi da— VHS eleberria kaleratu zuen pasa den ekaina bukaeran, Susa argitaletxearekin. Eleberri bezala kontzienteki idatzi duen lehenengo liburua da, nahiz eta Zauri Bolodia horrela atera zitzaion.
Narratiban hasi berria den arren, poesian eta antzerkian eskarmentu handia du Guillanek. Horrek perspektiba handiagoa ematen dio bertatik bertara ezagutzen duen alorrari buruz hitz egiteko: kultura.
Idazle batzuek esaten dute dakienari buruz idatzi behar dela. Beste batzuek, ez dakienari buruz. Zure burua zein taldetan sartzen duzu?
Ikusi behar da zein testuingurutan esan ziren, eta ziurrenik ñabardurak egin daitezke. Hitzekin jolasten hasita, esan dezaket idazten dudala dakidanari buruz, ez dakidanari buruz idatzi ahal izateko. Erdi-txantxetan diot, baina uste dut horrela dela.
Abiatu behar duzu dakizun horretatik. Horraino jaisten zarenean, sumatzen da gero. Ez du esan nahi autobiografia idazten duzunik; fikzioa idazten baduzu —antzerkian edo literaturan— ari zara jolasten fikziora, eta azkenean ez du inporta dakizun hori. Inporta duena da transmititzen duzun hori.
Esan dezaket VHS dakidanetik idatzita dagoela, baina era berean artifizio bat da, etengabeko jolas bat. Non dagoen muga? Ez dakit, eta ez dakit hainbeste inporta duen ere. Gehiegi jotzen dugu autoteorizatzera.
«Edozein fikzio izan daiteke gai jakin batzuei buruz hitz egiteko artifizio bat»
Liburuko pertsonaia batek aipatzen du «etengabe jotzen dugu iraganera inspirazio bila». Kasu honetan horrela izan da?
Argi utzi behar dut beti ez nagoela ados nire pertsonaiekin… Hala ere, ez dut uste beti iraganera joan behar denik inspirazioa lortzeko. Egia da asko inporta zaizkidala memoriaren mekanismoak, ez bakarrik gai baten inguruan memoria berreskuratzea, baita pertsona batzuek zergatik gordetzen dituzten gauza batzuk eta besteak ez ere.
Zu zara zure bizitzaren idazlea oroitzapenen bitartez, eta interesatzen zait jakitea nola idazten dituzun fikzioak oroitzapen batetik abiatuta, inguruan zenituenekin kontrastatu ondoren. Hemen ahalegin hori zegoen; adieraztea iraganari buruzko datuak denak direla pixka bat fikzioa. Pertsonek ariketa hori egiten dugunean ez da datuetan oinarritzen gehienbat; askotan sentipenen interpretazio batean oinarritzen da. Segun eta zein pertsonari galdetzen diozun, aldagarria da. Liburuan egiten dut ariketa: pertsonaiek ezberdin gogoraraztea eta berrasmatzea.
Batzuetan gorputzak oroitzen ditu buruak oroitzen ez dituen gauzak. Batzuetan gauza bat oroitzen duzu usain batekin, zeharbide bat oroitzen duzu inkontzientearen iluntasunean. Detaile bat oroitzen duzu, edo guztiz ahaztua zenuen oroitzapen bat berreskuratzen duzu.
Gorputza aipatu duzula, alde fisikoa presente dago bai VHS-n baita Zauri Bolodia-n ere. Gorputzaren espresioa, minak… Nabaritzen da aktore zarela. Beharrezkoa ikusten duzu paperera eramatea?
Ez, baina ateratzen zait. Bakoitzak bere bilaketak ditu, bere obsesioak, eta nirea hortik doa. Azken lanetan oso presente egon da, eta ez dut uste betirako hor egon behar duenik; etapa honetan gorputzarena adierazteko behar bat sentitu dut. Bai Zauri Bolodia-n, bai Mister Señora-n gai horiek presente daude.
Esaten da denok daukagula liburu bat barruan, eta denok ari garela liburu hori modu perfektu batean idaztea bilatzen. Azken liburuetan hori sentitu dut, hona iritsi arte. Aritu naiz bilatzen modu egokiena hori adierazteko. Horregatik, VHS-n badaude Zauri Bolodia-ko gauzak; hura lehen gerturaketa izan zen. VHS-n gehiago sakondu dut.
Antzerkian nabilen neurrian, esaten dugu gorputzak baduela memoria. Luzez bolo-rik egin gabe baldin bazaude, beldur zara egiten zenuen hura ez duzula gogoratuko. Pertsonaia baten azalean sartzen hasten zara, eta konturatzen zara baietz, hor dagoela. Nire buruari galdetzen diot ea bizitzako gauzekin berdin gertatzen den. Horregatik hasten da pertsona bat bere burua arakatzen, ea bere gorputzak eramaten duen berak bueltatu nahi duen iraganaren zatira.
Heriotza baten argitzea da liburuaren abiapuntua, baina misteriozko eleberria ez da, bigarren planoan geratzen da. Badirudi aitzakia bat dela zure gogoetak eta ideiak botatzeko.
Azkenaldian izan dut interesa hitz egiteko denborari eta memoriari buruz. Antzerkiko motiboak baliagarriak izan zaizkit adierazteko. Sentitu nuen ez zegoela agortua, baina forma berria eman nion, eleberri forma. Beharra sentitu nuen pertsonaje batzuk sortzeko, argudio bat sortzeko, sinopsi bat sortzeko.
Edozein fikzio izan daiteke —nobelarik klasikoena ere— gai jakin batzuei buruz hitz egiteko artifizio bat. Batzuetan, argudioaren oso azpian egon daiteke. Hala sentitzen nuen, baina banuen hasieratik jolasteko gogo bat, eta probatzeko liburuaren formatua zein tokitatik apur zitekeen jolasaren barruan. Gustuko ditut formatuarekin jolasten duten liburuak; tradizio handia dago, ez dut ezer asmatu: Julio Cortazarren Rayuela, Roberto Bolañoren Detectives salvajes, Alicia Kopfen Germà de gel…
«Politika sartzea ekidinezina izan da; nire bizitzaren parte izan da»
Jolasaren barruan hasi nintzen misterioarekin, baina artifizioa oso agerian utzita irakurlearentzako. Nahi nuen probatu ea irakurlea beste modu batean aktibatzen zen. Liburu hau bai idatzi dudala eleberri bat bezala.
Guk egiten dugun antzerkia teatro postdramatikoa da gehienbat. Ez da hainbeste oinarritzen istorio narratibo batean, baizik eta collagean, poesian, irudietan… Askotan horrela idatzi ditut gauzak. Kasu honetan badu horien eragina, baina era berean banuen gogoa hari ezaguterraz bat sortzeko. Ez da hainbeste izan aitzakia bat behar nuela nire hausnarketak botatzeko, baizik nahi nuela esperimentatu eta jolastu. Oso modu intuitiboan egin dut, jakin gabe nora eramango nauen.
«Azken aldian asko arakatu dut nire euskalduntasuna nondik datorren»
Euskal gatazkak badu presentzia, gai nagusia ez bada ere. Zure buruarekin zorren bat kitatu nahi zenuen? Errelatoa denari zure ekarpentxoa egin nahi izan diozu?
Pozten naiz esan izanaz. Asmoa ez zen politikari buruz hitz egitea, zen gehiago belaunaldi bati buruz, adiskidetasunari eta 1990eko hamarkadari buruz idaztea. Ekidinezina egiten zitzaidan paisaia horretan politika sartzea; nire bizitzaren paisaiaren ezinbesteko elementu bat zen. Atera zitzaidan gehiegi bilatu gabe. Kuriosoa egiten zait zuri nabarmen egitea, ez dit disgustatzen.
Nahiz eta nire ideiak ditudan, gustuko dut nire kontraesanak edo argi-itzalak aurkitzea. Iruditzen zait nire ziurtasunek baino gehiago indartzen nautela nire ideietan kontraesanei aurre egitea. Panfleto bat egin baino, nahiago dut arakatu nire argi-itzaletan. Kasu honetan, bi protagonisten arteko harremanean jarri dut fokua. Bi mundu ezberdinekoak dira. Oreretan asko bizi izan dut: adiskidetasun forma ezberdinak, erdal mundua eta euskal mundua nola bi mundu paralelo ziren herrian bertan —oraindik badaude—… Nahiz eta ez dudan Oreretari buruz hitz egiten, hori asko jan dut.
Road movie baten antzeko zati bat dauka, bidaia bat Andaluziara. Zein harreman duzu Andaluziarekin?
Azken lanetako obsesio bat da. Banaiz oreretar bat —beste asko bezala— bere aiton-amonak kanpotik etorritakoak direnak; alde batetik galiziarrak eta bestetik andaluziarrak. Azken aldian asko arakatu dut nire euskalduntasuna nondik datorren. Belaunaldi batek dugun kezka da; Miss Karaoke-n presente dago.
Ez dut esploratu modu autobiografikoan bakarrik, baizik eta modu soziologikoan, euskarari oso lotua egon naizelako beti. Galderak egin dizkiot nire buruari; ez odolaren aldetik, baizik eta hizkuntzaren ikuspegitik: emotibitatea, mundu ikuskera, zer eraikitzen duzun hizkuntzaren inguruan…
Sentitzen dut gai horretan helmuga batera iritsi naizela liburu honekin, esploratu behar nuena esploratu dudala, eta road movie horren bitartez egin dut. Horregatik dira bat erdal mundukoa eta bestea euskal mundukoa, oso ezberdin interpretatzen dutelako. Biak dira andaluziarren ondorengoak, baina beren bizipenak oso ezberdinak dira, neurri handi batean hizkuntzak markatuta. Testu berrietan ez da gai hau agertzen. Ziklo bat itxi dut VHS-n.
«Kontraesanek ziurtasunek baino gehiago indartzen dituzte nire ideiak»
Dibertigarria iruditu zait detektibe emozionala euskaldun elebakarra izatea. Horrelako pertsonajeen estereotipoa oso estatubatuarra da…
Detektibearekin helburu bakarra zen dibertigarria izatea, inolako lotsarik gabe aitortzen dut. Liburu osoan da pertsonaia bakarra kontziente dena fikziozkoa dela. Zabaltzen zuen jolaserako eta umorerako kristoren eremua.
Gai potoloez hitz egin nahi nuen, baina antzerkiaren eraginez, sentitu dut umorea izan daitekeela gai serioei buruz hitz egiteko tresna. Umorea oso gutxietsia dago. Umorea bada ironia, absurdoa… teknika bat da. Literaturan askotan ez zaio baliorik ematen, are gutxiago nobelan, badutelako halako aura serio bat. Banuen gogoa muturrera eramateko; horregatik detektibearen pertsonajeak fikzioa bera kolokan jartzen du.
Alaitasunaren aldarria egiten duzu liburuan, borroka eta itxaropenerako erregai gisa. Horregatik, esaten duzu liburuan, botereak kulturari oztopoak jartzen dizkiola. Kultura behar gorrian dagoen honetan, alaitasun gehiago behar al da?
Beti jotzen da gutxiestera, sinplifikatzera edo topikoz janztera alaitasuna bezalako hitz bat. Igual, publizitateak eraginda, alaitasuna eta zoriontasuna hitzak agortu direla ematen du, eta hitz horiek berreskuratzeko beharra sentitzen dut batzuetan.
Gatazka politikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dut —Bosnia, Ekuador, Senegal…—, eta gehien inpresionatu nauena horrelako tokietan izan da ikustea pertsonek zituzten errekurtsoak bizirik jarraitzeko. Horietako bat zen alaitasuna.
Horrez gain, gizarte mugimenduak zergatik eraikitzen ditu aldarriak festaren inguruan? Euskal Herrian zenbat festa mota egin dira? Gauza asko esan daitezke modu friboloan, baina badago zerbait oso interesgarria pertsonei buruz hitz egiten dutena. Horregatik oso interesgarria iruditzen zait alaitasuna tresna politiko gisa.
Pandemiaren erdian oso matxakatuta gaude, itxialdian zer bizi izan den, kulturak zein paper jokatu duen momentu horietan… eta bizitzen jarraitzen dugu. Zein garrantzitsu bilakatzen diren keinuak: kultura bilakatzen da dena proiektatzeko modu bat dena geldirik dagoenean, ez da entretenimendu hutsa.
Kulturak ahalbidetzen digu itxaropena edukitzea, eta itxaropena edukitzea da beste etorkizun bat pentsatzea eta beste etorkizun bat imajinatzea. Hori da politika. Zer da politika, ez bada zure jendartearentzat etorkizunerako duzun proiektua defendatzea?
«Gai potoloei buruz hitz egin nahi nuen; umorea izan da horretarako tresna»
Horregatik iruditzen zait kultura gutxietsia dela, bideratzen digulako ariketa politikoa egitera, proiektatzen duelako gauzak posible direla aldatu, posible dutelako izan nik imajinatu dudalako. Imajinazioak ahalbidetzen dizu helburu batzuk finkatzen. Ez baduzu imajinatzen, konformatzen zara daukazunarekin.
Orain, gauetan ezin gara elkarrekin atera. Kultura ari da sekulako borroka egiten bizirauteko, eta jendea ari da kultur ekitaldietara asko joaten, ezin duelako —besteak beste— hainbeste sozializatu. Kultura da elkarrekin egoteko, amesteko, eta itxaropena edukitzeko azkeneko lubakietako bat delako momentu honetan.
Ezin gara dantzatu, adibidez. Ez zaio garrantzirik eman horri, baina gizarte batean horrek kristoren eragin psikologikoa dauka. Kontrol sentsazioa izugarria da. Itxialdian osasun fisikoaren aitzakian hartu dira neurri batzuk —eztabaidagarriak—, eta osasun psikologikoa ez da aintzat hartu.
Kultur arloan zirrikitu batzuk zabaldu zaizkigu, eta lan ikaragarri pila egiten ari gara zirrikitu horiek bizirik mantentzeko. Eztena antzerki jaialdia antolatu berri dugu. Inoiz ez bezala, sarrera guztiak agortu dira. Jendea ari da behar batetik joaten. Politikoki ez da gutxietsi behar zerbait, baizik eta kontrakoa. Heldu behar diogu horri humanitatearen eta zaintzaren perspektiba oso zabal batetik.
Liburuko esaldiekin jarraituta: “Edozein argi distira argi itsugarria izan daiteke: gu garai hartan argiaren jabe ginen, baina ez genekien zer egin berarekin”. Orain jakingo al zenuke zer egin argi horrekin?
Seguru aski ez. Esaldi horrek hitz egiten du gazte zarenean politikan sartzen zarenean: intuitzen dituzu gauzak, indarra duzu borrokatzeko… baina esperientzia falta zaizu, askotan, neurria hartzeko horri. Gero konturatzen zara: “Hostia, zein intuizio ona zen, baina ez genuen asmatu moduarekin”.
Adinarekin esperientzia irabazten duzu, baina gehiago beldurtzen zara. Kosta egiten zaizu energia hartara bueltatzea, eta horregatik ematen diogu garrantzia transmisioari. Gauza oso humanoak dira, eta ez dakit soluziorik ba ote daukaten.
«Oso interesgarria iruditzen zait alaitasuna tresna politiko gisa»
Ni pertsona normal bat naiz hor ere bai. Orain esperientzia handiagoa izatearekin, gauza batzuk oso argi ikusten ditut, baina beldur handiagoak ere bai baditut eta kosta egiten zait batzuetan ausartzea.
Liburuan sexua eta drogak agertzen dira, baina ez pose moduan. Ba al dago joera bat gaur egun drogak banalizatzeko normalizatu beharrean?
Oso erreferentziaz idatzi dut sexua eta drogari buruz. Agian nahi nukeena baino urrunago nago detaileak emateko [barre egin du].
Nabaritu dut belaunaldi aldaketa bat. Azken aldian gazteekin asko egiten dut lan, eta asko ari naiz ikasten beraiekin. Hala ere, nabaritzen dut beste toki batean nagoela. Telesail batzuk ikusten dituzu, eta sexua eta drogak nola lantzen dituzten ikusten duzu, eta niri oso arrotza egiten zait. Helduagoak garenon aldetik dago ez-ulertze bat, baina baita ere dago komertzializazio bat. Edozer bilaka daiteke telesail baterako gidoia. Halako bonbardaketa bat dago.
Dena dago esanda mila modutan, eta jada ezer ez da tabu bat. Badirudi gidoilariak ari direla desiatzen tabu berri bat topatu eta komertzializatzeko. Banalizazioaren sentsazioa hortik dator gehiago.
Oso ezberdin bizi ditugu gauzak, eta oso interesgarria iruditzen zait aldi berean, baina eskapatzen zait.