Ane Santesteban txukun ibili da munduko txapelketan
Gaur jokatu dute emakumeen errepideko munduko txapelketa. Errenteriarrak onenekin eutsi dio azken igoerara arte, baina ez du saririk lortu.
Txirrindularitzaren munduan dagoen maillot politena —arcobaleno-a— zegoen jokoan gaur Imolan (Emilia-Romagna, Italia). Errepideko munduko txapelketa jokatu dute, eta Ane Santesteban errenteriarra bertan izan da.
Pasa den asteburuan postu bikainean bukatu zuen Italiako Giroa: sailkapen orokorreko zazpigarren postua beretzako izan zen. Emaitza positiboei jarraipena eman nahi izan die igotzaile arinak.
143 kilometroko ibilbideari aurre egin behar izan diote. Imolako zirkuituan hasi eta bukatzen zen zirkuituari —erredundantziak balio beza— bost itzuli eman dizkiote. Mazzolano eta Cima Gallisteana mendateak igo behar izan dituzte itzuli bakoitzean.
Santestebanek azkeneko igoerara arte eutsi dio onenen taldetxoan. Azken itzulian italiarren eraso batera atera da, baina VanVleutenek jo duenean atzean utzi dute errenteriarra. Azkenean, Anna Van der Breggen irabazlearengandik hiru minutu eta zortzi segundora iritsi da.
Herbehereetan ez dago aldapa askorik, baina horren ordez hegalak dituztela dirudi: Van der Breggen berak irabazi zuen erlojupekoan. Ortzadarraren maillotak beretzako izango dira. Errepideko proban, bigarren izan da Annemiek Van Vleuten herbeheretarra eta podiuma osatu du Elisa Longo Borghini etxeko txirrindulariak.
Santesteban: “Garciaren alde dena eman dut”
Lasterketa bukatu bezain pronto Ciclo21 webguneari egindako adierazpenetan, Santestebanek esan du hasieratik sentsazio onak izan dituela, eta lasterketa bide onetik joan dela.
Bere selekzioko kide Mavi Garcia ihesaldi batean sartu da, eta egoera “ezin hobea” bezala definitu du. Hala ere, azkeneko itzulian faboritoak indartsuago izan direla nabarmendu du, eta Santesteban bera zein Garcia talde nagusiarengandik atzeratuta geratu dira. “Dena eman dut Maviren [Garcia] alde dena eman dut, talde nagusia harrapatzeko asmoarekin”, gaineratu du errenteriarrak. “Postu on bat lortzeko zeozer falta izan zaigu, baina ezin izan dugu gehiago egin, ez dago besterik”.