[Galeria] Pedro Pastor eta Izarok salbatu dituzte naufragoak
Atzoko saioak bertan behera utzi zituzten, baita gaur arratsaldekoak ere. Bitartean, Pedro Pastorrek kontzertu beroa eman du Fanderian.
Aurtengoa Atlantikaldiaren ekitaldirik ez ohikoena izaten ari da, eta ez bakarrik COVID-19agatik. Errenteria-Oreretak inoiz baino gehiago zabaldu dizkio besoak ozeano Atlantikoari: itsaso zabaleko euri jasa eta haize erauntsiak Oiartzun ibaiaren itsasadarretik gora igo dira, ortzimugaren marra imaginarioa Fanderiako kantxara hurbilaraziz.
Atzo ekitaldiak bertan behera geratu ziren, eta gaur arratsekoekin berdin egitea pentsatu dute antolatzaileek. Gabacho Maroc biharko egunera pasatu dute, eguerdiko ordutegira —12:00ak—. Ainara Ortegak eurekin kolaboratuko du.
Igandea iritsi bitartean, naufragoentzako bi salbamendu-ontzi iritsi dira karpa erraldoira. Pedro Pastor y los Locos Descalzos —gaur, hobe katiuskekin— Madrilgo taldea izan da ez ohiko saioko protagonista nagusia.
Ez da aulkian bermatuta ikus-entzuteko kontzertu mota, baina horrek ez du esan nahi ikusleak mugitu ez direnik. Martxa eta aldarrikapena dosi berdintsuetan partekatu dituen kontzertua eskaini dute. Publikoak asko estimatu du madrildarrek postkonfinamenduaren ondoren elkarrekin eman duten lehen kontzertua. Zaparradak ez dira bakarrik zerutik etorri; esku ahurrak ongi astindu dituzte ikusleek.
Kontzertu erdian eguneko beste salbamendu-ontzia igo da: Izaro Andres mallabitarra. Aspalditik elkar ezagutzen dute elkar —Berrizko gaztetxean ezagutu ziren—, eta pare bat abesti kantatu dituzte elkarrekin.
Ordu eta erdiko kontzertuaren ondoren, txalo zaparrada ederra jaso du laukote madrildarrak, eta eurek aitortza egin diete jaialdia aurrera eramateko lanean aritu diren guztiak. Bihar, gehiago. Lasai, Titaniceko musikaririk ez da egongo.