Amets Arzallusek etzi arratsean aurkeztuko du 'Miñan' liburua
10301 taldeak, Elika kooperatibak eta Oiartzungo Irakurketa Taldeak antolatuta, Amets Arzallusek bere liburua aurkeztuko du.
Pasa den martxoan egitekoak ziren Oiartzungo Harrera Astea. COVID-19ak bertan behera uztea behartu zuen.
Aste honetan, baina, orduan egin behar zuten ekitaldietako bat egingo dute. Amets Arzallusek Miñan liburua aurkeztuko du etzi —hilak 1—, udaletxeko pleno aretoan. 19:00etan hasiko da. 10301 taldeak, Elikak eta Oiartzungo Irakurketa Taldeak antolatu dute ekitaldia.
Solasaldirako sarrerarik ez da ordaindu behar, eta edukiera 40 pertsonakoa izango da.
Martxoko saioa 10301 taldeak eta Elika kooperatibak antolatu zuten. Irakurketa taldea batu zaie orain: urriko irakurgaia Miñan izango da. Gaur irailekoa —Izurria— aztertzeko elkartuko dira bibliotekan, 20:00etan.
Ibrahima Balderen bizitza
Ibrahima Balde Miñan lagunaren bizimodua kontatu du Arzallusek. 2018an Gineatik Irunerako bidea nola egin zuen azaltzen du, eta nola artatu zuen Irungo Harrera Sareak. Egoera zailetan iristen badira ere, Miñanena are zailagoa zen, ebakuntza bat behar baitzuen.
Arzallusek, Irungo Harrera Sarean parte hartzen ari zen egun batean —2018ko urriaren 25ean— Miñan ezagutu zuen, eta bere ibilbidea kontatu zion. Gineatik atera zen, bere anaiaren bila. Lehendabizi Malira jo zuen, ondoren Aljeriara, eta azkenik, Libiara. Hara iristean jakin zuen anaia hil zitzaiola, patera batean Europara zeharkatzen ari zenean. Miñanek Europan bukatu zuen, nahiz eta hasierako helburua ez zen hori.