Abittu zerbitzua urriarekin batera jarriko da martxan
Jarduera fisikorako orientazio zerbitzua bihartik aurrera jaso daiteke, Elorsoro kiroldegian. Bizitza osasuntsua egiteko aholkuak ematen dituzte.
Abittu jarduera fisikorako orientazio zerbitzua bihartik —urriak 1— Elorsoro kiroldegian berriz ere martxan izango da. Abitturen helburua da bizimodu osasuntsurako aholkuak eskaintzea.
Orientatzaile batek aholkuak, irizpideak, informazio eta bestelakoak emango dizkie erabiltzaileei. Zerbitzu pertsonalizatua da, erabiltzaile bakoitzaren beharretara moldatutakoa.
Abittu zerbitzuko orientatzailearekin egoteko derrigorrezkoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea 943 49 52 25 edo 695 695 804 telefonoetara deituta edo e-posta bidez idatzita.
Osasun zentroan Abittuk eskaintzen zuen zerbitzua, berriz, oraingoz ez da martxan, COVID-19ak sortutako osasun-larrialdi egoerarengatik.
Udalak sustatzen du Abittu zerbitzua, Eusko Jaurlaritzako Mugiment ekimenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Abittu orain dela bi urte jarri zuten martxan praktika osasuntsuak eta bizimodu ez-sedentarioa sustatzeko asmoarekin.