Leteri buruzko 'Mugarri' aurkeztuko dute ostiralean
'Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile' liburua aurkeztuko dute ostiralean. Aurretik tokia erreserbatu behar dela gogorarazi dute.
Datorren ostiralean hasiko dira Xabier Lete zena omentzeko ekitaldiak. Abenduaren 4an beteko dira hamar urte Lete hil zela, eta horregatik, herriko eragileek eta udalak —elkarlanean— jarduera sorta bat prestatu dute.
Lehenengoa aurkezpen ekitaldia izango da. Xabier Leteri buruz Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik ondu duten Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile liburua (Mugarri bildumakoa) publikoki aurkeztuko dute. Leteren prosazko lanak bildu dituzte bertan.
Normalean abuztuaren 1ean egin ohi den kultur ekitaldian aurkezten da bildumaren zenbaki berria, baina aurtengo egoerak atzeratu egin du aurkezpena. Ekitaldia 18:30ean hasiko da, eta tokia erreserbatu beharko da e-posta bidez idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.