SJL enpresaren azpiegitura inbertsio funts bati saldu diote
Oiartzungo Udalari hala baieztatu dio enpresako zuzendaritzako. Enpresako langileen egoerak kezkatzen du udala, eta denda txikiak babestera deitu du.
San Jose Lopez (SJL) logistika enpresak Lanbarren industriaguneko azpiegitura inbertsio funts bati saldu dio. Horrela baieztatu zion atzo enpresako zuzendaritzak Oiartzungo Udalari.
Udal erakundeak langileekiko kezka helarazi zion enpresako zuzendaritzari, eta erantzun zion enpresak bere jarduera herrian edota eskualdean mantendu nahi duela. Horretarako kokaleku berriak aztertzen ari dira.
Eremua logistikarako baimenduta dagoenez, udalak adierazi du ezingo diola inolako gehigarririk jarri azpiegitura erabilera logistikorako erosten duenari. Amazon enpresak eremua erabiltzeko interesa duela badaki udalak —nahiz eta oraindik ez den ezer ziurra—. “Enpresa honek Oiartzunen jarduera ekonomikoa martxan jartzeko, beste edozein enpresak bezala, jarduera tramitatu beharko du”, esan dute.
“Merkataritza txikiaren alde”
Udalak merkataritzaren aldeko jarrera izango duela berretsi du. “Kontsumo-ereduak asko eta azkar ari dira aldatzen azkenaldian. Internet bidezko erosketen kopurua asko ari da hazten azken hilabeteetan eta joera horrek Oiartzungo Udala kezkatzen du”, esan dute. Gaineratu dutenez, salmenta mota horrek gehien kaltetzen duen sektorea komertzio txikiena da.
Herriko merkataritza txikia suspertzeko iniziatibak lehenesten ditu udalak. Horregatik, gogorarazi dute Itturri Merkataritza Elkartearekin zuzeneko harremana daukatela. Oiartzungo dendetan kontsumitzeko kanpainak egin eta laguntzeaz gain, COVID-19ak utzitako ondorio ekonomikoak arintzen laguntzeko ekarpen ekonomikoak egin dituztela nabarmendu dute.
“Merkataritza ttikiak bizitza ematen die auzoei eta herriari. Ezinbestekoak dira herri-bizitzarako. Horregatik, Udalak, egungo kontsumo-joera basatiaren aurrean, merkataritza jasangarri eta ttikiaren aldeko apustua berresten du”, esan dute. Horregatik, oiartzuarrak animatu dituzte komertzio txikietan kontsumi dezaten.