Sarrionandiaren unibertsoa oholtzan
2008ko ‘Hnuy Illa’ ikuskizunaren berrikuspena taularatuko dute berriro Kukai Dantzak eta Tanttakak. Berrestreinaldia etxean, Niessen aretoan egingo dute bihar eta etzi 19:00etan hasita. Hilaren 29an abiatuko dute bira.
Azaroa da. Koronabirusak Euskal Herriko komertzio asko itxiarazi ditu. Errenteriako Niessen aretoan, baina, mugimendua sumatzen da. Barruan, argien proba egiten ari dira. Dantzariak euren arropa txukuntzen daude. Azken gomendioak entzuteko garaia da. Asteko entsegu nagusia hastear da. Parte hartzaileen irribarreak areto osoan ikusten dira, ohiko iluntasunari aurre eginez.
25 urte igaro dira Joseba Sarrionandiak Hnuy illa nyha majah yahoo poesia liburua argitaratu zuenetik. Hamahiru urte geroago, aipatutako obra oinarri hartuta, Hnuy Illa ikuskizuna prestatu zuen Kukai Dantzak, Tanttaka antzerki taldearekin batera. Antzezlanak publikoaren txaloak eta adituen balorazio positiboak jaso zituen, horien artean nabarmentzekoa da Max Saria.
Kukaik bere obra kutunena biribildu nahi du. COVID-19aren garaian kulturari buruz hainbeste hitz egiten denean, Errenteriako taldeak erakutsi nahi du orain inoiz baino beharrezkoago dela kultura babestea eta bultzatzea. Hori dela eta, 2008an sortutako Hnuy Illa obra berriro taularatuko du Kukai Dantzak hurrengo asteetan.
Bira hilaren 29ean hasiko dute Donostian, baina ohikoa den moduan, bi emanaldi eskainiko dituzte etxean, Niessenen; bihar eta etzi dira, 19:00etan. Ikuskizunak ordubete inguruko iraupena du, eta Kukairen zein Tanttakaren eskarmentua elementu berritzaileekin uztartzen da.
Hasierako bertsioarekiko aldaketak hainbat arlotan suma daitezke. Alde batetik, dantzari berriak gehitu dituzte ikuskizunera. 2008ko dantzarietatik lauk errepikatuko dute oraingoan, eta hauei beste hiru berri gehituko zaizkie.
Aldaketak, ordea, ez dira soilik dantzarietara mugatuko. Argiztapenean, janzkeran eta koreografietan ere moldaketak egongo dira. Jon Maya zuzendariaren esanetan, ikuskizuna berbera izanda, gaur egungo ikuspuntu batetik jorratzea beharrezkoa ikusten zuten, betiere proiektu originalaren oinarria galdu gabe. Koprodukzio honetan bi aldeek urteetan zehar izan duten garapena agerian geldituko da.
Horretarako, Joseba Sarrionandiaren unibertsoa erabiliko dute dantzariek oholtza gainean. Idazlearen lanean agertzen diren kontzeptu ezberdinei erritmoa eta irudia jartzea da helburu nagusia. Maitasuna, bakardadea, erbestea… Aipatutako kontzeptuak modu ederrean deskribatzen ditu Sarrionaindiak bere lanean. Bizkaitarrak lekua hartu du idazle garaikideen zerrendan eta euskaldun askoren bihotzetan. Idazlearen lanean oinarritutako 2008ko ikuskizunak harrera handia izan zuen, ziurrenik publikoaren zati handi batek oso gertukoa sentitu zuelako.
Jon Mayak atsegin handiz gogoratzen ditu orain dela hamabi urte sortutako ikuskizunaren oroitzapenak. Hnuy Illa proiektuarekin lortu zuten lehenengo Max Saria. Egun horretatik aurrera gaur arte lanean ibili dira etengabe. Hala ere, Mayak argi dauka garai horretako egoera ez dela orain gizarteak bizi duena. Egoera soziopolitikoaz aparte, Kukairen egoera ere guztiz ezberdina da ordukoarekin alderatuta. Ez du konparaketarik egin nahi bi ikuskizunen artean. Egungo proiektua aurrekoaren berrikusketa izan arren, nabaria da lan bakoitza erronka berri bat izango balitz bezala hartzen dutela. Ikusleen txaloak eta balorazio onak jasotzeaz aparte, egindako lanarekin kontent ateratzea garrantzitsutzat dutela agerian gelditzen da.
Koronabirus garaian
Koronabirusak kulturan eragindako kaltea gogorra izan dela ezin da ukatu. Azken hilabetetan kultura arloko profesional askok argi adierazi dute kultura bezalako altxorra babestea beharrezkoa dela. Mayak ere, kulturaren aldeko apustu sendoa egin du: «Ahul daudenek gehiago sufritzen dute muturreko egoeretan». Kulturaren oinarriak ahul daudela onartu du, baina modu positiboan ikusi nahi du etorkizuna, bere ustetan aukera oso onak irekitzen direlako hausnarketa egiteko. Hark argi dauka egoera larria dela, baina kultura gizartearen zutabe dela.
Azken orduko ezbeharrak edo oztopoak sortzen badira ikuskizunetan, egun are gehiago sor daitezke koronabirusa gizartean hedatuta badago. Mayak badaki astero abentura ezberdinak bizitzeko arriskua dagoela, baina hala eta guztiz ere kultura eremu segurua dela aldarrikatu du. Taldeak bere proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoa du, baina epe ertain-luzera begiratuz. Aurreko urteetan egindako lanak eta ikuskizunak biran eta bizirik daude, eta taldearen garapenean pauso sendoak ematea da Mayarentzat helburu nagusia.
Modu batean edo bestean, argi dago aspaldi landatutako hazia bere fruituak ematen ari dela. Garai latzetan ere, kulturak bere biziraupenaren alde borrokatzen jarraitu behar du, eta badirudi Errenterian norabidea ondo zehaztu dutela. Koronabirusa etsai izan arren, egoerari buelta eman diote Kukaik zein Tanttakak.