Txikipedia, Soinuenea Fundazioaren jakintzarekin elikatuta
Haur eta gaztetxoentzako wikipediako 100 musika tresna ingururen informazioa osatu dute. Udan hasi ziren elkarlanean.

Zelestino Artola errazkindarra tutubia jotzen, 1981an, Wikimedia Commonsera igotakoa.
Euskal Wikilarien Elkarteak eta Soinuenea Fundazioak Txikipedia proiektua elikatzeko elkarlana abiarazi zuten pasa den udan, pandemia betean.
Orduan hasitako ibilbideak bere emaitza eman du. 100 euskal instrumenturi buruzko dokumentazioa osatu dute. Soinueneak orain dela urte batzuk eskoletarako prestatu zuen DVDa Txikipediara eraman dute modu horretan.
Txikipedian kontsulta daitezke musika instrumentu horiek, eta argazkiak ere ikus daitezke Wikimedia Commonsen.
Txikipedia 8 eta 13 urte arteko haur eta gaztetxoentzako entziklopedia da, Wikipedian bertan txertatuta dagoena. Adin tarte horretako erabiltzaileentzako sintaxi eta lexikoarekin egina dago, ulerterrazagoa egiteko.
