«Herri argazki kolektiboa osatu nahi dugu, begirada ezberdinekin»
Nahi duenak herriko argazkiak ditu eskura nahieran erabiltzeko ‘Oreretako argazkiak’ egitasmoaren bidez. Software librean, askotariko begirada ezberdinekin egindako irudiak biltzen eta zabaltzen ari dira.
Oreretako argazkiak izenaren atzean, herriko argazkiak zabaltzen ari zarete sare sozialen bidez. Zein da helburua?
Behar batetik abiatu ginen. Ohartu ginen herriko argazkiak eta irudiak behar genituenean, bai edozein eragilek kartelak egiteko, bai sare sozialetan erabiltzeko profiletako fondoetarako, etengabe ari ginela argazkiak ateratzen. Beharra zegoen herritarrek egindako argazki horiek nonbait jartzeko, software librean, behar duenean erabili, moldatu, partekatu eta erabiltzeko eskubide osoz.
Profesionalak izan gabe herritarrak oso sortzaileak dira; sare sozialetan ikustea baino ez dago zein gaitasun dagoen jendearen artean herriaren ikuspegi ezberdinak zabaltzeko, eta denon artean herriaren bestelako begirada bat izateko baliagarria da.
Non jaso eta jartzen dituzue eskura argazki horiek?
Telegram kanalean hasi ginen jasotzen irudiak, eta gerora Twitterren kontu bat sortu eta argazkiak batzen joan gara. Telegram taldean sartzen da jendea, bidaltzen ditu argazkiak bere traolekin, eta guk programatzen ditugu, egunero bat zabaltzeko edo bidaltzeko.
Zenbat lagun ari zarete talde horretan argazki bilketa hori egiten?
Hiruzpalau lagun hasi ginen eta tarteka jendeak bidaltzen ditu argazkiak eta; argazkiak atera ahala, bidaltzeko ohitura hartzen ari da jendea. Egia da badagoela afizio handiagoa duen jendea, eta aurretik egindako sorkuntza lanak-eta bidaltzen ari dena, baina edozeinek bidal dezake.
Nora bidali behar ditu argazkiak parte hartu nahi duenak?
Egokiena Telegrameko taldera bidaltzea da, edo Twitterreko pribatutik idatzita ere argitaratzen ditugu. Normalean programatzen ditugu, bidali ahala pilan sartzen ditugu eta publikatzen doaz. Oreretako argazkiak da Telegrameko kanalaren izena, eta Oreretako Argazkien Taldea da taldearen izena.
Jendea animatzeko aprobetxatu nahi dut, etxean argazki zaharrak-eta topatzen baditu bidal ditzala, gure herriko historiaren argazkiak direlako, eta horrela, guztion artean, herriko ondare kolektiboa sortzen joango gara.
Horien erabilera baldintzarik gabe egin daiteke gainera, ezta?
Bai, hala da. Argazkiak sinatu gabekoak izatea eskatzen dugu, kartel bat edo sorkuntza lan bat egiteko baliatzerakoan sinadura ez dadin erdi-erdian atera. Jende guztiak erabiltzeko moduko argazkiak dira.
Zein harrera izan du iniziatibak?
Iaz hasi ginen, pandemia heldu baino zertxobait lehenago, eta oso harrera ona izan du hasieratik. Hainbat karteletan edo sare sozialetan ikusi dugu jendeak erabili dituela eta ilusioa egiten du, jendearentzat erabilgarri izaten ari delako, eta hori da helburua.
Oso polita da egun bizi dugun aro digitalean herritarrek, guztiok batera, gure memoria eraikitzea. Bestetik norbanakoaren begiradatik gure errealitatearen arrastoa, herriaren begirada ezberdin guztiak jaso ditzakegu, denen artean gure herriaren argazki kolektibo hori osatzeko. 5