Hormigoiaren gainetik bestelako harremanak sortuz
Elizalde Herri Eskolako hezkuntza komunitatea ‘Transpatioa’ proiektua lantzen ari da. Jolastokiko harremanak aldatu nahi dituzte, espazioa bera eraldatuz.
Elizalde Herri Eskolako hezkuntza komunitatea Transpatioa proiektua lantzen ari da. Jolastokiko harremanak aldatu nahi dituzte, espazioa bera eraldatuz.
Elizalde Herri Eskolako hainbat guraso eta irakasle kezkatzen zituen jolastokiaren espazioaren erabilerak, eta horretan oinarrituta, eraikitzen diren harremanekin. Baloia da ikastetxeko patioan jaun eta jabe, eta horri buelta ematen saiatzen hasi ziren duela pare bat urte. «Egia da patioak futbolean aritzeko prestatuta daudela, eta beste ezer ez badiezu eskaintzen, normala da horretan aritzea», azaldu du Maialen Maioz Elizalde Herri Eskolako amak.
Beste eskaintza bat osatze aldera, ikastetxeko beste hainbat guraso eta irakaslerekin batera elkartzen hasi zen; irakasleen parte hartzea garrantzitsutzat jo du Maiozek, eurak baitira patioko harremanak zuzenean ikusten dituztenak.
Tabakaleraren laguntza
Egoeraren diagnosia egin zuten, eta helburu batzuk finkatu. Egitasmoa aurrera eramateko finantzazio bila hasi ziren, eta Tabakaleraren Aldiriak programara aurkeztu zuten esku artean zuten hura. Baiezkoa jaso, eta Mertxe Petxarroman eta Irati Seijo Tabakalerako hezitzaileen akonpainamendua jaso dute prozesu guztian zehar.
Honetan ere COVID-19ak izan du eragina, eta erritmoa atzeratzera behartu du. Juntura bikote artistikoa, Oreka TXko Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Maitri Ugalde artistak —eskolako ama ere bada— ere parte hartu dute. Hezkuntza komunitateko kideak Ageda Blasco artistak ezarritako marko teorikoan formatu dituzte.
Hormigoiaren legeak baldintzatutako espazioa aldatzen hasi dira: itsasontzietako edukiontzi bat jarri dute lehen kantxa zen eremuan —ateak kendu dituzte—, eta ikasleek hortik hartzen dituzte material neutroak. Zaintzarako mezuak dituen kontsignak ditu edukiontziak: bakoitzak bere buruarena, ondokoarena eta materialarena. Ikasturte honetako baldintza bereziak direla eta, burbuilaka irekitzen dute edukiontzi hori. Maiozen arabera, txikienak izan dira harrera onena egin diotenak.
Orain arte egindakoa gaur zortzi erakutsi zuten kontzejupean, lehenengo faseari ginga jarriz. Transpatakan kanta ere interpretatu dute, banbuzko kanaberak eskutan hartuta. Orain, «finantzaziorik bada», bigarren faseari ekin nahi diote: ikasgeletan lantzea.