Oiartzun eremu gorrian sartu da
500eko tasa gainditu du Oiartzunek. Joera berean jarraituz gero, Eusko Jaurlaritzak astelehenean erabakiko du herriko ostalaritza ixtea, besteak beste.
Igoera meteorikoa izan da. Oiartzunek, duela bi aste 100.000 biztanleko 173ko kutsatu tasa zuen. Pasa den ostiralean 367ra pasatu zen, eta gaur 500eko langa gainditu du. Zehazki, 520,78ko tasa du, Osakidetzak oraintsu argitaratu duen txostenaren arabera.
Atzo bost kutsatu atzeman zituzten, herenegun beste sei, eta asteartean zortzi izan dira.
Eusko Jaurlaritzak astelehenean erabakiko du eremu gorriari dagozkion neurriak hartu ala ez, egun horretan eta ostegunetan egon ohi diren datuekin hartzen baitute erabakia. Neurri nagusi eta nabarmenenak dira ostalaritza itxi behar dutela. Horrez gain, taldeka egiten diren entrenamenduak bertan behera gera daitezke.
Oiartzunek azken egunetan izan duen joera ikusita, litekeena da erabakia astelehenean hartzea. Modu honetan, eskualde osoa gorriz markatuta dago.