Eguzkik salatu du Gurutzen zabortegi ilegala dagoela
Aldako baserriaren parean zabortegi ilegala dagoela esan du talde ekologistak. Eraikuntza eta eraispenen hondakinak zein mindak daudela esan dute.
Eguzki talde ekologistak ustezko zabortegi ilegal bat dagoela salatu du, Gurutze auzoan. Zehazki, Aldako baserriaren parean dagoela esan dute, GI-2134 foru errepidearen beste aldean. “Besteak beste”, esan du Eguzkik, “eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, lorezaintzako hondakinak, simaurra eta baita minda-isuriak (milaka litro) ere daude”.
Kezkatuta daudela esan dute ekologistek, ingurumenari zein osasunari egin dakiokeen kalteengatik. Horregatik, Oiartzungo Udalari eskatu diote ingurua ikuska dezala, eta argitu dezala ea jarduera horrek baimenik ba al duen.
“Baimenik ez izanez gero”, gaineratu du Eguzkik, “dagokion prozedura administratiboa irekitzeko, jatorrizko egoerara itzul dadin eta legea betez sortutako ardurak argitu eta erreklamatu daitezen”.