"Biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatza mundu honetan"
Sestao eta Gasteizko hilketak gaitzetsi ditu mugimendu feministak. Zaintza sareen garrantziaz ohartarazi dute, eta autodefentsarako deia egin.
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Done Eztebe plazan. 2021 urtea gogorra izaten ari dela esan du mugimendu feministak. Urte hasieran Aintzane Pujana donostiarra hil zuten, eta ostiralean Conchi Gonzalez sestaoarra hil zuen bere bikotekideak, bere buruaz beste egin baino lehen.
Gainera, pasa den asteazkenean, Gasteizen, gizon batek Mohamed Amine hil zuen. Amineren bikotekidearen harremana izan zuen iraganean. Beste eraso baten berri ere eman zuen Naizen elkarteak: adin txikiko batek eraso transfoboa jasan zuen Iruñean.
“Nazkatuta gaude”, adierazi zuten. “Beste behin salatu nahi dugu biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatzala gure mundu honetan”. Horren kontrako “antidotoa” feminismoa dela gaineratu zuten, eta gizarte guztian zabaltzen saiatuko direla.
Osasun krisia saretzeko eta harremanak izateko oztopo dela ohartarazi zuten. “Hala ere”, jarraitu dute, “mugimendu feministatik badakigu zaintza sareak ezinbestekoak direla indarkeria sexistari aurre egiteko”. Horregatik, saretzeko modu berriak bilatuko dituztela esan zuten.
Autodefentsarako prest
Indarkeria sexista lehen mailako arazo politikotzat hartzea exijitu zuten, “jarrera konplizeak” alde batera utzi eta gizarte antolaketa sexistari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte.
Autodefentsa feministarako deia egin zuten: “Gure bizitzak dira jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu”. Erantzuteko prest daudela berretsi zuten, indarkeria matxista pairatzen dutenengatik.