[Bideoa] Indarrak gorde, inude eta artzainen 25. urteurrena "bereziagoa" izan dadin
Orereta Ikastolaren desfilea ez da aterako, ekitaldi horiak galarazita baitaude. Bideoa prestatu dute, aurtengoa oroitu eta datorren urtekoari begiratzeko.
Dena ongi bidean, Orereta Ikastolak etzi egin beharko luke inude eta artzainen desfilea. Horren gisako ekitaldiak debekatzen ditu osasun egoerak baldintzatuta indarrean dagoen araudiak.
Ikastolak gogorarazi duenez, aurten 24. aldiz beteko lituzkete kaleak “musika, kolorez eta dantzaz”. Baina urteroko zita ez dute besterik gabe pasatzen utzi nahi izan. Horregatik, aurten egingo ez den desfilea oroitu eta datorren urterako indarrak hartzeko bideoa osatu dute ikastolakoek.
Bide batez, eskerrak eman dizkiete modu batean edo bestean parte hartzen dutenei, izan ikastolako familia, langile eta ikasle edo kanpoko guztiei. “Festa herriarena eta herriarentzako izatea nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa zaigu zuen babesa, laguntza eta parte-hartzea”, adierazi dute.
Datorren urtean kalean, desfilean, elkar ikusteko desioa adierazi du ikastolak. 25. urteurrena behar bezala betetzeko, modu “bereziago” batean.