‘Salda badago!’ liburua ondu du Emagin ikerketa taldeak. Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak ditu ardatz; parte hartu zutenekin memoria kritikoa osatu dute, besteak beste.

Oiartzungo Asanblada Feministak eta udalak elkarlanean jarduera feministak antolatu dituzte, Bizitzeko borrokan, eraldatzeko martxan izenburupean. Pasa den asteartean Salda badago! liburua aurkeztu zuen Emagin elkarteko Monika Mendiberri Apezetxeak.
Formazioa eta ikerketa ikuspuntu feminista batekin egiten dituen elkartea da Emagin. 2019an egin ziren Euskal Herriko V. jardunaldi feministak, Durangon, eta hango esperientzia erregistratu dutela adierazi zuen Mendiberrik.
Duela bi urteko azaroaren 1etik 3ra gertatu zena «errepikaezina» dela esan zuen. Lana egiteko enkargua jardunaldien ondoren jaso zuten, eta interesekoa iruditu zitzaien aurreko prozesu luzea jasotzea, baita egun haietako esperientziaren «memoria kritikoa» egitea ere.
2.631 feministek hartu zuten parte egun haietan, 350 inguru kolektibotakoak. Liburu formako gogoeta mugimendu feministarentzako tresna baliagarria izatea nahi dute.
Askotariko iturriak erabili dituzte erregistroa osatzeko, hala nola parte hartzaileen eta antolatzaileei ahotsa edo materialak, protokoloak zein balorazioak. Mendiberrik esan zuenez, zailtasunak izan zituzten testigantzak jasotzeko, pandemia iritsi baitzen.
Oztopoak oztopo, informazio asko bildu zuten. Kontzeptuak finkatu behar izan zituzten: nola ikusarazi emakume arrazializatuak; nola izendatu mugimendu feminista; emakume kontzeptua bera nola definitu…
Hiru atal
Mendiberrik azaldu duenez, hiru ataletan banatu dute Salda badago! liburua. Euskal Herriko mugimendu feministaren ibilbideari errepasoa eman diote, 1977an Leioan (Bizkaia) lehen jardunaldiak egin zituztenetik. XXI. mendean zentratu dira: neoliberalismoa; subjektu politikoaren aldaketa; talde feministen ugaritzea; instituzio publikoen politikoak; feminismoak kulturgintza zipriztintzea…
Horrez gain, 2014tik 2019ra artean mugimendu feministaren indartzean jarri dute fokua: Iruñeko bortxaketaren kontrako mobilizazioak, Martxoak 8ko grebak…
Bigarren atalean, jardunaldiak eurak hartu dituzte kontuan. Antolatzearen zergatia zein iraganetik etorritako lekukotzak jorratu dituzte, besteak beste. Gainera, antolakuntzaren bera, saretzea zein beste hainbat kudeaketa ere izan dituzte aztergai —erasoen kontrako protokoloa ala hizkuntzarena, esaterako—.
Parte hartzaileen datu soziologikoak ere arakatu dituzte, eta, kuriositate bezala, egun haietako elikadurari ere tartea egin diote, antolakuntzaren emaitza bezala. Hirugarren atala galderak dira. Etorkizunera begirako erronkak zein jardunaldien ondorioak bildu dituzte, eta kontzeptu mapa batean jaso.
Jardunaldiak gaur bukatuko dira, Zinegoak-eko film laburren emanaldiarekin (udaletxean, 18:30ean). Bihar online ikus daitezke, esteka honetan klik eginda.