Joanes Larretxea presoaren aldeko bizikleta martxa, igandean
Igande goizean, Gurutzetik hasita, Oiartzundik zehar ibiliko dira bi gurpilen gainean, Sare Oiartzunek deituta. Plazan bukatuko da.
Oiartzungo Sarek bizikleta martxa antolatu du datorren iganderako. Joanes Larretxea presoa euskal herriratzea eskatuko dute bi gurpilen gainean.
Martxa Gurutze auzotik aterako da, eta herrian zehar ibiliko da. 12:00etan Mendinetik pasatuko dira, eta 12:30ean bukatuko da, plazan. Soinean hiru gauza eramatea gogorarazi dute antolatzaileek. Horietako bi segurtasun neurriak betetzeko izango da, eta bestea aldarrikatzailea. Kaskoa eta maskara (derrigorrez) eraman beharko dituzte, eta Sareren kamiseta urdina janztera animatu dute.
Pasa den asteburuan, bizikletan ibiltzen diren hainbat oiartzuarrek babesa eman diote mobilizazioari. Larretxeak 11 urte daramatza espetxean. Gaur egun Villabonako (Asturias) kartzelan dago, Oiartzundik 393 kilometrora —lau ordu pasatxoko bidaia da autoz—.