Auzoetako eta xanistebanetako jai batzordeekin bilduko da udala
Udalak udararako dituen aurreikuspenak helaraziko dizkie herriko jai batzordeei, hilaren 27an. Lehendabizi auzoetakoekin elkartuko da; gero, xanistebanetakoarekin.
Oiartzungo Udalak bilerara deitu ditu herriko jai batzordeak. Datorren asteartean —hilak 27— elkartuko da beraiekin. Helburua izango da udalak datorren udako ospakizunetarako dituen aurreikuspenen berri ematea.
Azaldu dutenez, COVID19ak sortutako osasun larrialdiak eta egungo egoerak baldintzatutako proposamenak egin nahi dituzte. Jai batzordeekin partekatu nahi dituzte horiek.
Xanistebanetako Jai Batzordearekin zein auzoetakoekin egin beharreko bi bilerak hilaren 27an izango dira, baina bakoitza bere aldetik.
Lehenengo, 18:00etan, auzoetako jai batzordeekin elkartuko dira, udaletxeko areto nagusian. Bilera bukatzean, Xanistebanetako Jai Batzordean parte hartzen duten elkarte eta eragileetako ordezkariekin bilduko dira udalekoak. 19:00etan jarri dute bigarren hitzordua.