[Elkarrizketa] "Disko honen bitartez nire burua aurkezten dut"
Sare sozialetan bere abestiak partekatzen hasi zen lezoarra, eta orain pausu bat eman eta ‘Killasisa’ izeneko diskoa argitaratu du. Pop estiloan eroso sentitzen dela dio, eta ekainean taldearekin batera kontzertuak eskaintzen hasiko da.
Askok sare sozialetan entzun zaituzte kantuan azken boladan, baina noiz hasi zinen abesten?
Txikia nintzela hasi nintzen abesten, jostailuzko mikrofono batekin ibiltzen nintzen etxetik kantuan. Telebistan Betizu ikusten nuen, eta erreferenteak ziren niretzat, nik haiek bezala abestu nahi nuela pentsatzen nuen. Gero, helduago nintzenean, Lezoko musika eskolan izena eman eta trikitia jotzen hasi nintzen. Kontzertuak eta emanaldiak egiten hasi ginen trikitia aitzaki, orduan, abestu ere egiten genuen. Hamalau urterekin trikitia utzi nuen, etxean abesteko zaila zelako, oso doinu altua baitauka instrumentuak. Betidanik olerkiak, abestiak eta ipuinak idatzi izan ditut, eta trikitia uzterakoan hasi nintzen abesti bat nola egiten den ikasten, adibidez, armonia, akordeak eta bestelakoak. Nire letrak melodiaz gorpuzten hasi nintzen, uste dut, trantsiziorik gabeko abestiak sortzen nituela istorio oso linealak zirelako. Ondoren, Dantzertin hasi nintzen ikasten, eta kontuan hartzen hasi nintzen energia aldaketen beharra, estrukturak… antzerkian istorio bat nola kontatzen den jakin, finean. Arte guztiak lotuta daudenez, musikara egokitu nuen han ikasitakoa. Diskoko abestiak horrela sortu nituen.
Zein musika genero kantatu izan duzu?
Denetatik abestu izan dut beti. Esan beharra daukat Maria Isabelen abestik ere kantatu izan dudala, hau da, denetik dut gustuko. Egia da, ahots motagatik pop estilora jo izan dudala, gehiago konektatzen dut estilo horrekin, erosoago sentitzen naiz.
Diskoaren aurrerapen bezala hiru abesti argitaratu zenituen lehenengo sare sozialetan, Betirarte, Agur, eta Marea morea. Zer nolako harrera izan zuten entzuleen artean?
Diskoa izango zenetik argitaratu nituen lehen abestiak izan ziren, nahiz eta konfinamendu garaian Utopian barrena singlea partekatu nuen. Edonola ere, diskoaren aurrerapen bezala Betirarte izan zen atera nuen lehenengoa, eta kantu honekin izan nuen sentsazioa oso berezia izan zen; diskoarekin ez dut gauza berbera sentitu. Zerbait berezia bai, baina ez da gauza bera. Hiru abestiek harrera ona eduki dute nire ustez, jendeari gustatu zaizkio. Oro har, iruzkin positibo asko jaso ditut, eta goxotasuna da asko nabarmentzen dutena. Batez ere ingurukoen iritzia jaso dut, azken finean, pixkanaka eta gutxika zabaltzen doa nire lana. Ostiralean [maiatzaren 28an] diskoa atera nuenenean, kuadrillakoak beraien abesti gustukoena zein zen eztabaidatzen hasi ziren!
Zer esan nahi du zure diskoaren izenak, Killasisa?
Kitxua hizkuntzan Ilargi lorea esan nahi du killasisak. Diskoa nigandik sortu zen, nire bizipenetatik, eta konturatu nintzen nire lehenengo lorea izan zela. Nirekin harremana zuen izena jarri nahi nion albumari, eta jakin nuenean nire izenez osatzen zela Killasisa, polita iruditu zitzaidan izenburu moduan, disko osoa definitzen zuelako. Izan ere, disko honen bitartez nire burua aurkezten dut, niri ateratzen zaizkidan kontuen bidez.
Noiz erabaki zenuen sortutakoa disko batean biltzea?
Sortzen nituen abestiak nire etxean edo lagunen artean geratzen ziren, ez nituen kanpora ateratzen. Hasiera batean ez nituen ezta bertsioak publikatzen ere. Musika jaialdi batean nengoela lagun batek esan zidan, ‘zuk egunen batean zerbait aterako duzu’. Hasiera batean pentsatu nuen, ‘nolatan aterako dut nik zerbait?’; baina gero esan nuen ‘eta zergatik ez?’ Momentu horretan aldaketa bat sumatu nuen buruan, eta nituen abestiak ordenatzeari eta konpontzeari ekin nion, eta beste batzuk sortu nituen aldi berean. Sare sozialetara bakarkako kontzertuak eta bertsioak igotzen hasi nintzen, jendeari gustatzen zitzaizkiola ikusi nuen.
Gero, nire kontzertuetan nire abestiak kantatzen hasi nintzen, harrera ona izan baitzuten. Pixkanaka konturatu nintzen disko bat grabatu nahi nuela egiten nuen hori guztia dokumentatzeko eta jasota izateko. Lagunaren hitzak izan ziren nire inflexio puntu.
Zortzi abestiz josi duzu albuma. Zein gai jorratu dituzu?
Gai sozialak eta sentimentalak landu ditut. Sentimentalei dagokienez, gehienbat maitasuna landu dut, era batera edo bestera, baina maitasuna. Maitasun mota desberdinak dira. Adibidez, Agur abestia idatzi nuen ikasketak utzi nahi nituelako, azkenean aurrera jarraitu nuen.
Matxismoaz eta genero biolentziaz ere hitz egiten dut diskoan zehar, uste dudalako gaur egun zoritxarrez emakumeok egunero jasaten ditugula eraso matxistak, eta garrantzitsua iruditzen zait hauek erakustea batez ere gure artean elkartzea horiei aurre egiteko. Oso erraza da matxismoaz Martxoaren 8an kexatzea, baina gero askotan gertatzen da erasoak gure inguruan direnean, edo gure inguruko batek egiten dituenean ez dugula salatzen. Hortaz, kontzientziatzeko beharra dagoela uste dut, buruan eduki dezan jendeak hori gertatzen dela edozein lekutan eta edozein egoeratan. Elkartu egin behar gara honi aurre egiteko, zeren eta, gure irakasleak, lankideak edo hurbileko edonor izan daiteke erasotzaile.
Pobreziari buruz ere hitz egin dut. Iruditzen zait gure gizartean asko kexatzen garela ezin garelako joan oporretara, eta bitartean haur asko daude lanean guk janzten dugun arropa egiten, oso kondizio txarretan. Ez dut esaten ezin garela kexatu gure injustiziez, kexatu behar garelako. Diodana da kontuan izan behar dugula oso gaizki bizi den jendea dagoela, eta batez ere haurrak.
Decidir kantua gazteleraz atera duzun bakarra da, eta Kataluniako azken urteetako egoera politikoari buruz hitz egiten duzu. Zer dela eta?
Bertako hainbat politikari atxilotu zituztela entzun nuen, eta beste hainbat gertaeraren berri ere banuen. 2019. urtean hango prozesu politikoaren barruko auziko sententzia iragarri ostean izan ziren protestetan, polizia jendearen aurka oso era agresiboan oldartu zela ere ikusi nuen. Kataluniako egoera politiko honen aurrean atera zitzaidan abesti hori. Izan ere, Euskal Herrian ere bizi dugun egoera bat da, eta beharrezkoa ikusten dut nabarmentzea bakoitzak bere iritzia eduki dezakeela, baina uste dut aukeratzeko eskubidea errespetatu egin behar dela.
Mutrikuko AME estudioarekin jarri zinen harremanetan, eta akustikoan abestetik taldean abestera pasa zinen. Zer moduz joan da esperientzia berria?
Diskoko grabazioan Iker eta Haritz Laurobak jo zuten nirekin batera. Orain, zuzenekotarako nire adineko [21 urte ditu] jendez osatutako talde bat sortu dut. Oso desberdina izan da nire etxean bakarrik nik nahi dudanean entseatzetik, taldean entseatzen hastea. Aldi berean, babestuago sentitu naiz, gusturago, eta dibertigarriagoa izan da taldean entseatzea. Esperientzia desberdina izaten ari da, baina oso polita eta ilusio askorekin ari gara lanean.
Kontzerturik aurreikusten al duzue?
Momentuz, ekainaren 17an joko dugu Ormaiztegin arratsaldeko 19:00etan. Bien bitartean beste kontzertu batzuk lotzen ari gara. Bertsioak eta nire abestiak abestea pentsatu dut, ez bakarrik diskoko abestiak, nire abestiak orokorrean. Diskoa erosi nahi duenak posta elektronikora idatziz eska dezake. Eta entzun nahi duenak hainbat plataforma digitaletan du eskuragarri.