Bizilagunak etxebizitzetara laster itzuli ahalko dutela uste du udalak
Hiru etxebizitzetan izan ezik, gainerako bizilagunak laster itzuli ahalko dutela beren etxeetara uste du udalak. Eraikina egokitzen ari dira jada.
Kalte gehien izan dituzten hiru etxebizitzetako bizilagunek izan ezik, gainontzekoek laster itzuli ahalko dutela beren etxeetara esan du udalak gaur. Atzo arratsaldean sutea piztu zen Biteri kaleko Mateo eraikinean. Sutearen ondorioz, bi pertsona ospitalera eraman behar izan zituzten erredura arinekin.
Halaber, hainbat bizilagun etxebizitzetatik atera behar izan zituzten, eta gaua hoteletan pasatzeko aukera eskaini zieten. Horietako batzuek Versalles hotelean eta B&B hotelean igaro dute gaua.
Sutea izan zen eraikinaren egitura zaharra da eta egurrezkoa. Suhiltzaileek emandako informazioaren arabera, sutea galdara batek eragin zuen, eta ikertzen ari dira oraindik arrazoiak.
Bestalde eraikina egokitzeko lanean ari dira jada finken administrazioa eta enpresa kontratista bat, eta aurreikusi dute hiru etxebizitzetako bizilagunek izan ezik, gainontzekoek epe laburrean izango dutela etxera itzultzea. Udala, gainera, `pertsona horiek zein egoeretan aurkitzen diren aztertzen ari da, eta prestutasun osoa azaldu die behar dutenean laguntzeko.