Donibaneko jaiak ospatuko ez diren arren, egitarau kulturala aurkeztu du jai batzordeak
Udalak ez du jairik antolatu, dena dela, kultura ez da faltako Donibaneko jaiak izango zitezkeen egunetan. Bihar hasi, eta hilaren 31n amaituko da egitaraua.
Pasai Donibaneko jaiak ez dira ospatuko, hala erabaki zuen duela ia bi hilabete udal gobernuak. Hala ere, kulturaz gozatzeko ekimenak antolatu ditu Donibaneko jai batzordeak. Bost egunetako egitaraua da, bihar hasi, eta uztailaren 31n amaituko dena.
Horregatik, jarduerak izango diren bitartean, hainbat kale eta plaza itxita egongo dira. Udaltzaingoak azaldu duenez, hilaren 25ean, 11:00-11:30 bitarte, ezingo da Donibane kalean sartu, eta 16:00etatik 20:00etara, Lezobidea itxita egongo da Meipitik. Donibanetik irteteko Bordalaborda kaletik joan beharko da. Hilaren 27an, 22:00etik 00:00etara, ezingo da Santiago plazan aparkatu. Uztailaren 30ean, gaueko dantza ikuskizuna amaitu arte ezingo da Donibane kalean zirkulatu, ezta Santiago plazan aparkatu ere ez.
COVID-19 gaixotasunak sortutako baldintzengatik, segurtasun neurriak mantenduko direla eman dute jakitera jai batzordetik. Horregatik, musukoa erabili eta distantzia mantendu beharko da ekitaldi guztietan. Hona hemen egitaraua:
- Uztailak 24. Larunbata.
- 22:00 Herriko kirolari gazteei omenaldia Bixi-bixi plazan.
- Jarraian, Tocan2 La Pollaren kontzertua Bixi-bixi plazan.
- Uztailak 25. Igandea.
- 11:30 Haur eta gazteentzat jolasak Santiago plazan.
- 16:00 Puzgarriak Bixi-bixi plazan.
- Uztailak 27. Asteartea.
- 17:30 Arrantza txapelketa Bonantzan.
- 22:00 Kale zinema: ‘Ilargi guztiak’ filma Igor Legarreta zuzendariarekin Santiago Plazan.
- Uztailak 30. Ostirala.
- 20:00 ‘Maurizia naz’ Aukeran dantza taldea Santiago plazan.
- 22:00 Donibaneko jaietako argazki bideo emanaldia Santiago plazan.
- Uztailak 31. Larunbata.
- 11:00 Batelerak kalean barrena.
- 13:00 Batelera dantza plazan.