«Pozten naiz jakiteaz poliki-poliki plazak berreskuratzen ari garela»
El Quinto Con Tenedor taldean eta bakarka aritzen da musika jotzen Andoni Ollokiegi sanjuandarra. Oraintxe bertan, bere kantu propioak sortzen, kolaborazioak bilatzen eta produzitzen ari da.
Kantautore gisa eta taldean ikusi zaitugu jotzen. Orain, zertan zabiltza?
Nire abesti propio batzuk grabatzen ari naiz. Ez dakit noiz aterako diren, baina grabatzen ari naiz. Nire kabuz kontzertu batzuk eskaintzen ari naiz ere, eta noizean behin, nire abesti batzuk sartzen ditut zeintzuk diren ezagutzen joateko.
El Quinto Con Tenedor taldearekin lehenengo diskoa grabatu dugu jada, baina ordaindu egin behar dugu. Kapitalismoaren trabak.
Zerbait aurreratzerik bai bi proiektu hauei buruz?
Taldearekin grabatutako diskoaren izena Borockan da eta euskarazko bederatzi abestiz osatua dago. Hardrocka eta heavy metala sustatzen ditugu eta Mikel Gordok grabatu digu.
Nire abesti propioak, aldiz, single moduan argitaratu nahi ditut plataforma desberdinetan. Fan and Go-ko Mattin Ostolazak lagundu dit grabaketetan eta berak baxua ere jo du. Aldi berean, kolaborazioak bilatzen nabil, eta badut abesti bat 80. hamarkadako euskal kantari ezagun batekin, baina ez duzue jakingo nor den. Misterioa!
Sare sozialetan oso aktibo ikusten zaizu. Emaitzak eman al ditu?
Kontzertu berriak ateratzen ari zaizkit eta sare sozialetan partekatzen ditut, hala da. Zorionez, kontzertuak berriz irteten hasi dira eta niretzako plazera izan da lehen kontzertuetako bat EHZ Festibalean izatea. Sekulako arrakasta eduki nuela alde batera utzita, aukera asko eman dizkit eta jende berri dezentek ezagutu nau. Telebista ikusten ez duen jendeak edo. Badago-eta horrelako jendea.
Taldeei ez dira hainbeste deitzen ari. Gure kasuan, Errenteria-Oreretako gaztetxeak antolatutako ekitaldi batean jo genuen. Behintzat behin jo dugula esan dezakegu eta gehiagotan jo nahi dugu.
Kontzertuak emateko baldintza berrietara egokitu zara?
Nire kreatibitatea zabaltzeko modu berriak bilatzen saiatu naiz. Izan ere, agertokietara igotzea arnastea bezala da niretzat. Oxigeno botila batzuen bila aritu naiz, bada. Adibidez, konposatzean zentratu naiz batez ere, eta hortik atera da orain daukadan bakarkako proiektua.
Bestalde, pozten naiz jakiteaz poliki-poliki plazak ari garela berreskuratzen. Jendeak txertoa jartzen segitzen duen heinean, gusturago egongo gara kulturan gaudenok.
Pandemia egoerak ia dena geldiarazi du, kultura, batez ere.
Uste dut eszena oparoa dela, eta geroz eta kontzertu gehiago egin, orduan eta azkarrago berreskuratuko dugula lehen zegoena. Agian baten batek ez du lortuko aurrera jarraitzea, baina guk jarraituko dugu eszenan borrokatzen eta dena ematen.
Gero ere bai, ez zait iruditzen euskal komunikabide publikoek duten boterea euskarazko musika bultzatzeko erabiltzen dutenik, eta baliabide horrek denoi lagunduko liguke.
Noiz izango dira hurrengo kontzertuak?
Hilaren 31n Loiolan, abuztuaren 1ean Errenteria-Oreretan eta abuztuaren 5ean Gasteizen. Lehen aldiz, Bizkaian jotzeko aukera izango dut ere, abuztuaren 6an, Fruizen.