Bigarren aldiz boikotatu dute animalien sufrimenduari buruzko erakusketa
Aska Itzank Animaliyak (AIA) taldeak salatu du Iturriotzen zegoen erakusketa ibiltariko argazki guztiak eraman dituztela. Iniziatiba bertan behera utzi behar izan dute.
Aska Itzank Animaliyak (AIA) taldeak Facebook bidez iragarri du Kulturabirusaren egitarauaren magalpean antolatutako argazki erakusketa bertan behera utzi behar izan dutela, iniziatibaren aurkako bigarren erasoa pairatu ondoren. Joan den hilabete bukaeran Ugaldetxon ikusgai zeuden irudietako hainbat suntsitu zituzten, eta atzo Iturriotzen zeuden argazki guztiak desagerrarazi zituzten.
Linas Kortaren obretan Oiartzungo festetan ateratako argazkiak ikus zitezkeen, animalien sufrimendua azaleratzen zutenak. Argazki bilduma herriko auzo guztietara lekualdatzea zen taldearen asmoa, animalien erabilera egiten duten ekitaldiei buruzko kontzientzia bultzatzeko.
AIAk iritzi dio azken erasoak “guztiz arbuiagarriak” direla, helburua jendartea modu pazifiko eta kolektiboetan hobetzea baitzuten irudi bidezko adierazpenek. Ekintza horien atzean dagoena “hausnartzeko moduko kontua” dela uste dute, baina argi adierazi dute erasoek ez dituztela geldiaraziko; konpromisoa berresteko probestu nahi izan dute aukera: “Jendarte justuago baterako aldaketa geldiezina da”.
- Erakusketa, ikusgai, Iturriotzen.
- Erakusketa, ikusgai, Iturriotzen.
- Erakusketa zegoen tokia, hutsik.
- Erakusketa zegoen tokia, hutsik.




