San Pedroko Ondartxo pasealekua, bihartik aurrera zabalik
Barrutiko farora eta puntetara doan bidea iraila hastearekin batera irekiko dute. Udal arduradunek aurreikusitako epea bete da.
Egonkortze lanak egiteko udal arduradunek aurreikusitako epea bete da, joan den apirilaren bukaeran iragarri baitzuten lau hilabetetan bukatutzat emango zituztela bidea ireki ahal izateko obrak. Horiei esker, Ondartxo bidean “normaltasun osoz” paseatu ahal izango dela iragarri du Nahikari Otermin Hirigintza zinegotziak.
Jeltzaleak aitortu du prozesu “luze eta konplexua” izan dela, baina egindako lanek fruitu emanda, bidearen irekierak dakartzan onurez mintzatu da: “Bai pasaitarrok eta bai kanpotik herria ezagutzera etortzen direnek pasealekuaz gozatzeko aukera izango dugu. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Albaola faktoriaren sarbide nagusia ere badela, eta horrek bisitari guztien irisgarritasuna arintzea eta hobetzea dakarrela. Jarduketa hauek hobekuntza handia izan dira barrutiarentzat, eta azken urteotan pairatzen ari ginen lur-jausien arazoari irtenbidea eman diote.”