Autoaren ordezko garraioen erabilera sustatzeko ekintzak, astebetez
Pasaiak hilaren 14ean ekingo dio Mugikortasunaren Europako Asteari. Hainbat zerbitzu martxan jarriko dituzte, hala nola, bizikletak doan alokatzeko aukera.
MEA irailaren 13tik 24ra ospatzen da Europar Batasuneko herrialde guztietan. Iniziatibaren helburua da astebetez auto pribatuaren ordezko garraiobideen erabilerari buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatzea eta gauzatzea. Iniziatiba hilaren 14an hasiko da Pasaian, batez ere, bizikletaren erabilera eta oinez ibiltzea sustatuz.
Udalerrian ekintza hauek aurreikusi dira Mugikortasunaren Europako Asterako:
-
Bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak helduentzat. Ikastaroak Trintxerpen izango dira hilaren 14tik 25era 10:00etatik 12:00etara. Saio bakoitzean 10 leku izango dira.
-
Bizikletak mantentzeko oinarrizko ikastaroa. Mekanika, zulaketak konpontzea, koipeztatzea eta doitzea landuko dituzte. Tailer hau herritar guztiei zuzendutakoa da, eta hilaren 18an izango da 10:00etatik 13:00etara Trintxerpeko frontoian. Tailerrak gehienez 10 plaza izango ditu.
-
Eskualdeko bidegorri-sarean bizikletaz ibiltzeko tailerra. Bizikletan ibiltzen gutxieneko trebezia duten herritar guztiei irekitako jarduera. Hitzordua hilaren 25ean izango da, 10:00etatik 13:00etara, eta Antxoko Ibaiondo frontoitik irtenda. Ikastaroan 15 plaza izango dira.
-
Pasaian bizikletak garbitzeko gune bat instalatzea. Udalak instalatuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin elkarlanean.
-
Trintxerpen bizikletak konpontzeko gunea instalatzea. Bizikleten mantentze-lanetarako elementuak izango ditu instalazioak. Udalak jarriko du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin elkarlanean.
-
Bizikletak alokatzeko doako zerbitzua. Mugikortasun astean (hilaren 14tik 25era) dohainik erabili ahal izango dira bi gurpildunak. Horretarako, abian dauden mailegu-puntuetan beharrezko informazioa eta xehetasunak emango dira.
-
Tipitapa eta MakilFit. Ibilbidea oinez eta taldean Pasaiako badian zehar, ibilketa nordikoa eginez.
Saio guztien izen-ematea doakoa da, eta bi modutara egin daiteke: Pasaiako HAZ bulegoen bidez, eta Pasaiako Udalaren web orrian.