Tokian erosi, tokikoa erosi
Ia miloi erdi euro bideratu du udalak kanpainara, 468.000 euro zehazki, herriaren eta herritarren suspertze ekonomikoa sustatzeko.
Errenteria-Oreretako ehun ekonomikoari onura egitearekin batera, bertan erosteko ohiturak sustatu eta hori egiteagatik saria ematea herritarrei du helburu bonu kanpainak. Gaur bertan aurkeztu du Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Garapen Ekonomikorako zinegotziarekin, gainontzeko alderdi politikoetako ordezkariekin eta Errenkoalde, Ostari eta EMT elkarteetako kideekin batera Bizi Errenteria iniziatibaren barruko hirugarren bonu kanpaina.
Udalerriko etxebizitza guztietara helduko dira bonuak, etxe askotan jaso dituzte jada, eta irailaren 6tik abenduaren 3ra bitartean kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erosita hobaria jasoko dute herritarrek. Gainera, 18 eta 35 urte arteko gazteek bonu gehigarriak jasoko dituztela azaldu du Otaegik, “bereziki eragin nahi dugu gazteengan herrian erosteko ohitura sustatzeko haien artean. Finean, horiek dira etorkizuneko erosleak”.
Ia miloi erdi euro bideratu du udalak kanpainara, 468.000 euro zehazki, herriaren eta herritarren suspertze ekonomikoa sustatzeko. Aurreko bi kanpainen bi ezaugarri nagusiak mantenduko ditu hirugarren kanpaina honek. Mota bakoitzeko onuradunei 5 euroko launa bonu helaraziko dizkio udalak, “lau bonu etxebizitza bakoitzera eta lau bonu 18 eta 35 urte arteko herritar bakoitzari”. Bonu bakoitzarekin 10 euroko edo gehiagoko erosketetan 5 euroko hobaria eskuratuko dute. Bonuak batera erabil daitezke, baina ezarritako hobariak ezingo du gastu osaren %50a gainditu.
Guztira 354 establezimenduk egin dute bat bonu kanpainarekin, eta azken kanpainarako gehiagok eman dute izena, “helburua ahalik eta gehien biltzea kanpainara da, onura herritarrentzat da, baina baita saltokientzat ere, bertan eta bertakoa erostea sustatzen duelako”, esan du Otaegik. Oraindik ere, aukera dute beraz atxikitzeko momentuz egin ez duten establezimenduek, Bizi Errenteria web orrian sartu eta bertan den galdetegia beteta. Bonuak erabil daitezkeen establezimenduen zerrenda ere web orri horretan kontsulta daiteke. Bonuen inguruko edozein zalantza argitzeko, 010 edo 943 44 96 00 telefono zenbakietara dei daiteke.