[Galeria] Ez da Pasaiako trainerurik egongo Kontxako Banderan
Ez San Juan ez San Pedrok, ez dute lortu Kontxan sartzeko jokoan zeuden zazpi txarteletako bat. Hamaika eta hamaseigarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Gaur jokatu da gizonezkoen Kontxako Banderarako sailkatze estropada, eta bertan izan dira Pasaiako arrosak eta moreak, sailkatu ez, baina bai, ordea, onena emanda. Zail zuten, oso, zazpi txarteletako bat eskuratzea, baina aurpegia eman dute Donostiako uretan, abisu horiarekin, metro erdiko olatuen kontra arraunean.
Urtero legez, goizeko 12:00etan irteera ordenaren zozketa egin da, eta emaitzei jarraiki, estropada eremura irteten azken eta azkenurren izan dira, hurrenez hurren, Libia eta Erreka. Sanjuandarrak hamaikagarren sailkatu dira 21:06,02ko denborarekin, eta hamaseigarren sanpedrotarrak, hogei segundo atzerago.
Kontxako 125. ediziorako jokoan zeuden zazpi txartelak lortzeko Eusko Label Ligako traineruak ziren faborito nagusiak, eta aurreikuspenek ez dute huts egin. Sailkatze estropadako txapela Santurtzik eraman du, zilarra Hondarribiak eta brontzea Zierbenak.
Guztira 24 traineruk zuten izena emana Kontxarako sailkatzeko eskubideagatik borrokatzeko; azkenean 23 izan dira, Castroko arraunlari batek covid-19agatik positibo eman baitu, eta ez dute parte hartu.
Honakoak dira 2021eko Kontxako Banderarako sailkatu diren zazpi traineruak (Donostiarra barruan da aurretik):
- Santurtzi. 20:23,84.
- Hondarribia. 20:29,54.
- Zierbena. 20:31,98.
- Cabo. 20:43,22.
- Orio. 20:44,38.
- Bermeo Urdaibai. 20:45,20.
- Ares. 20:47,34.