Urtebete bete du 'Mater' ontziaren Seabinak badiako ura garbitzen
Itsas zaborrontzia 1.728 ordutan izan da martxan, ia bi kilogramo hondakin jasoaz eguneko; gehienak plastikoak, zigarrokinak eta litxarrerien bilgarriak.
«Itsas hondakinak eta mikroplastikoak gaur egungo ingurumen arazo handienetakoa dira», aitortuz hasi du Sara Lizarza Seabin Pasaia proiektuaren arduradunak itsas zaborrontziaren ibilbidearen atzera begirakoa.
San Pedroko kaian amarratuta dagoen gailua Bizkaiko Golkoko lehen uretako zakarrontzia bilakatu zen 2020ko irailean, eta, lehen urtea bete berri duen honetan, egoeraren berri eman dute ingurumenaren aldeko aliatuaren arduradunek. «Ikerketa premia larria da».
Etxe ondoko golkoa itsas hondakinen metaketarako puntu gorritzat deskribatu izan dute, eta nahiz eta Pasaiara ekarrita egoerak antzekoa beharko lukeela ondoriozta litekeen, badiako uren kutsatzeari buruzko ezjakintasun handia dagoela adierazi du Lizarzak. Premia hura, gainazaleko hondakinen ugaritasunarekin batera, izan zen Seabin instalatzeko abiapuntu.
Denbora horretan, itsas hondakin flotatzaileak «kuantifikatu eta karakterizatu» ditu Mater museoko tripulazioak, pasaitarren inguruko urei buruz duten informazio eta sentsibilizazioa xede.
Laginketa egunero egin izan dute, zaborrontzia 12 orduro hustuz. Egunean 1,8 kilo zabor jaso ditu Seabinak gaur arte; horietako gehienak hainbat tamainako plastikoak, zigarrokinak, litxarreria poltsak eta plastikozko tabako bilgarriak izan dira.