[Galeria] Frankistek eraildako Felix Arriaga Zapirainek merezitako aitortza jaso du
1936an frankistek hildako langileari eta orduan indargabetutako udal korporazioko kideei omenaldia egin diete gaur, Etxetxo Elkartearen egitasmoz. Bi plaka inauguratu dituzte, "gertatutakoa ahanzturan gera ez dadin".
Orain dela 85 urte frankistek eraildako Felix Arriaga Zapirain langileak eta orduan indargabetutako udal korporazioak merezitako aitortza jaso dute gaur eguerdian. Omenaldia eskaini baitie Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Elkarteak, udaleko ordezkariekin batera.
Lehenik, ekitaldi xumea egin dute Udalbatza Aretoan. Bertan, 1936an “inposizioz eta errepresioz” kargugabetutako alkatearen alabarekin batera plaka bat inauguratu dute, orduko udalbatzako kideak gogoratzeko. Ondoren, herriko plazan eman diote segida omenaldiari. Han gogoratu dute Zapirain, agurra, lore eskaintza, kontzertu, koro saio eta guzti. Kanpoko horman ere oroimenezko plaka bat inauguratu dute.
“Gaur gertakari hauen berri ematea eskatzen dugu, lantegian, etxean, lagunartean, non nahi, ahanzturan gera ez dadin. Gaurko ekitaldiarekin gure aletxoa jartzen dugu herri honetan errepresaliatuak eta erailak izan zirenen egia, justizia eta erreparazioa gauzatu daitezen”, esan du Joxe Luix Agirretxek elkartearen izenean.