Gaur 85 urte indar frankistak Lezon sartu zirela
Francoren indarrek 1936ko irailaren 5ean Irun hartu ondoren, Donostiarantz abiatu ziren. Lezon haiei aurre egiteko defentsa gunea izan zen.
Gaur 85 urte dira Francoren aldeko indarrak Lezora sartu zirela. Irailaren 5ean Irun suntsitu eta hartu ondoren, Donostiaranzko bidea hartu zuten tropa frankistek. Bide horretan, bai Jaizkibelen zein Gaintxurizketan miliziarrek eta gudariek aurre egin zieten faxistei, baina 1936ko irailaren 13an babes lerro hori hautsi, eta herrian sartu ziren eskualde osoa bere eginez, Donostiarako bidean.
“Lezo indarrez hartu ondoren urte luzez gogorki zapaldu eta zigortuak izan ziren gure auzotarrak. Gure herrian sufrimendu handia jasan zutelako, isilik eta beldurrez bizitzera izan ziren denbora luzean. Horregatik, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditugu”, esan dute Etxetxoko kideek, Lezoko memoria historikoa lantzen duten taldekoek.
Babes lerro horren borrokaldiek iraun zuten egunetan sei borrokalari hil zirela jakinarazi du Etxetxok. Honakoak:
- 1936ko irailaren 4an, Alfonso Larrea Itxaso hil zuten Gaintxurizketan. Bilboko CNTko miliziarra zen.
- 1936ko irailaren 9an, Celedonio Perez Sesma pasaitarra hil zuten Jaizkibelen. PSOE-UGTren Pablo Iglesias taldeko miliziarra zen.
- 1936ko irailaren 9an, Antonio Vicente Zapirain pasaitarra hil zuten Jaizkibelen. PSOE-UGTren Pablo Iglesias taldeko miliziarra zen.
- 1936ko irailaren 10ean, Agustin Urbistondo Rekarte hil zuten Jaizkibelen. Tolosarra zen, Rusia Batailoiko miliziarra.
- 1936ko irailaren 10ean, Constantino Hernandez Ranero hil zuten Jaizkibelen. Tolosarra zen, Gueñesen (Bizkaia) jaioa. Rusia Batailoiko miliziarra zen.
- 1936ko irailaren 15ean, Jose Maria Larreta Intxaurrandieta zortzi urteko ume lezoarra hil zuten. Faxistek Lezo armaz hartu zutela ospatzeko Donibane kalean botatako tiroetako batek jo zuen.