Elorrondo eta Makutso bideen noranzkoen aldaketa azaldu du udalak
Trafiko arazoak eta oinezkoen pasabidea errespetarazi nahi izan dituzte obra horiek. Oinezkoek lehentasuna dutela berretsi du udalak.
Abuztu bukaeran hasita, Elorrondo eta Santusene kaleak konpontzen hasi zen. ASfaltoaa konpondu zuten, baina ez ziren horretara mugatu. Udalak azaldu duenez, lan horiek mugikortasunarekin ere dute zerikusia. Prentsa ohar baten bidez azalpenak eman nahi izan ditu udal erakundeak.
Gogorarazi dutenez, mugikortasun iraunkorrerako irizpideak zehaztuta dituzte. Lehentasuna oinezkoek dutela berretsi dute, eta haien segurtasuna bermatu behar dela. “Irizpide honi jarraituz, besteak beste, herrian espaloiak egokitzen, bidegorria mantentzen eta auzo gehiagoetara zabaltzen jarraitzen dugu”, esan dute.
Elorrondo eta Santusene bideetako berrantolaketan ere irizpide horiek kontuan hartu dituztela azaldu dute.
Elorrondoko neurriak
Elorrondo kalean trafiko arazoak konpontzea izan da lan horien helburuetako bat. “Elorrondo kalea bi noranzkoduna izanik, trafiko arazo larriak gertatzen ziren: Xorrola autobus publikoak zailtasunak, ikastetxeetako autobusek, oinezkoek…”, azaldu dute.
Ondorioz, Elorrondo kalea noranzko bakarrekoa izatea erabaki du udalak, zehazki Xorrolaren ibilbidea errespetatzen duena.
Makutso bidean (Tronpeoko maldan) ere kalapita sortzen zela nabarmendu du udalak. Askotan oinezkoen bidea ez zela errespetatzen gogorarazi dute. “Behin baino gehiagotan egoera oso arriskutsuak bizi izan dituzte oinezkoek, tartean haurrek, eta kezka horiek behin baino gehiagotan helarazi izan dituzte Udalera”.
Bide estua delako, eta oinezkoen segurtasun eza hobetze aldera, noranzko bakarra —goitik behera— ezartzea erabaki dute.
“Aldaketa hauek”, jarraitu du udalak, “bandoan azaldu bezala, baloratu egingo dira eta hobekuntzak proposatu eta lantzeko aukera izango da”.
Oinezkoak, lehentasun
Tronpeoko maldan gora edo behera oinez doazen oinezkoen segurtasuna hobetu behar argi du udalak, lehentasuna delako.
Horrekin lotuta, gogorarazi dute Elorrondo eta Santusene kaleetako obrak bukatu gabe daudela. Ibilgailuen abiadura murrizteko trabak jarriko dituzte epe motzean, eremu horretan ikastetxeetako eta eskolaz kanpoko ekintzetan ibiltzen diren haurren segurtasuna indartzeko, besteak beste.
Argi utzi nahi dituzte irizpideak: “Herrigunean ibiltzeak segurua izan behar du, eta horretarako, oinezkoa babestu behar da, garraio publiko zerbitzua eskainiz. Aldiz, ibilgailu pribatuen erabilerak ezin du izan herri barruko mugikortasun arauak ezarriko dituena”.
Iaz martxan jarritako diagnositik eratorritako ondorioetan oinarritu dira aldaketak egiteko.