Berritik asko dakar udazkeneko Lezoko kultur agendak
Abenduaren 19ra arte 30 ekitaldi ingururekin josi dute kultur proposamenen atala. Hiru berritasun aurkeztu dituzte udal ordezkariek.
Gaur jakinarazi ditu Lezoko Udalak udazkenerako prestatu dituen kultur esparruko ekitaldi irekiak. Jesus Mari Martiarena alkatea eta Xanti Val Kultura teknikaria arduratu dira xehetasunen berri emateaz. Eta ez da izan programatutako jardueren zerrendatze hutsera mugatu agerraldia: berritasun askoren berri eman dute. Badira antzerki saioak, kontzertuak, haurrentzako emanaldi bereziak, zinema ikuskizunak, dantza, literatura solasaldiak (presentzialak)… Denera 30 ekitaldi atondu dituzte abenduaren 19ra arte [klik egin hemen ekitaldien zerrenda osoa jaisteko, PDF artxiboan]. Baina udazken honetarako hiru proposamen berritzaile garatu dituzte kultur arduradunek.
Lehenak memoria historikoarekin du harremana. Joan den larunbateko omenaldiaz gain, biharko (hilak 16, osteguna) dokumental emanaldia eta hilaren 26rako antzerkia antolatu ditu udalak, Etxetxorekin elkarlanean. Bihar, Gezala Auditoriumean, Haur erbesteratuak dokumentala emango dute 19:30ean hasita; hilaren 26an (20:00etan) Requiem por un campesino español antzerkia eskainiko dute leku berean. Horrek 8 euroko prezioa izango du eta ohiko moduan erosi ahalko da. Bi saio horietarako sarrerak lortzeko, klik egin hemen. Memoria historikoarekin harremana duten jarduerak kontsolidatu nahi dituela adierazi du udalak.
Bigarren berritasunak poesiarekin du harremana. Poesia Kaia egitasmoa sortu dute, kultur espresio horri bide emateko. “Galderak egiten jarraitu nahi dugu. Egiarekin egiten dugu amets, baina zalantzatan gara. Egarri horretatik sortu da Lezon Poesia Kaia”, azaldu du Xanti Valek.
Hirugarren proposamenak dantzara eramango ditu lezoarrak. Zeta-Zeta dantza saioak antolatu dituzte, Dantzaz elkartearekin elkarlanean. Horren arabera, urritik apirilera, hilean behin saioak gidatuko dituzte koreografo gazteek, “sorkuntzatik gertu dauden leiho irekiak” elkarbanatzeko. Partaideek hasieratik koreografiak sortzeko prozesuetan jardungo dute.
Aurrekoak, eta beste gehiago, Lezoko Udalaren webgunean nahiz sakelako telefonoetarako aplikazioan aurki daitezke.
Osasun segurtasuna
Pandemia garaian izanik oraindik ere, Lezoko Udalak oroitarazi du udazkeneko kultur ekitaldietan ere osasun segurtasun neurriak ezarriko direla, ikusleek errespeta ditzaten. Maskaren erabilera, eskuak garbitzea, segurtasun distantziak mantentzea, edukiera mugak errespetatzea, eta jende pilaketak ekiditea dira irizpide nagusienak.