Niko Etxartek itxi du solasaldi musikatuen zikloaren sarraila... oraingoz
Gorka Urbizu eta Olatz Salvadorren ondoren, Niko Etxart izan da protagonista 'KantagiLtza'-ren bigarren zikloko hirugarren saioan. Jendetsua izan da.
Atzo arratsaldean egin zuten KantagiLtza solasaldi musikatuen hirugarren saioa. Niko Etxartek bere lanaren berri eman zuen, hainbat kantarekin uztartuta. Aurreko saioetan bezala, Gotzon Barandiaranek dinamizatu zuen.
Eguraldiak lagunduta, Arizmendieneko lorategian izan zen saioa. Jende dezente bildu zen bertan, Altzürükükoari entzuteko.
Gorka Urbizu lekunberritarrak saio bikoitza eskaini zuen maiatzaren 23an, eta Olatz Salvador donostiarrarena izan zen bigarrena, ekainaren 20an.
Lagun Arteko Garaia elkarteak antolatzen duen zikloa da. Iaz egin zuten lehenengoa, eta bigarrena aurten. Euskal kulturaren transmisioa lantzen jarraitu nahi dute aurrerantzean ere, maiatzean Hitzari adierazi zieten bezala.
Horregatik, atzo aurreratu zutenez, urrian edo azaroan beste saio bat gehiago egiteko asmoa daukate, bigarren zikloa ixteko. Emakumea izango da hurrengo gonbidatua, iragarri zutenez.
