3.762 langabe dira Oarsoaldean
Oarsoaldeako Lan Merkatuaren Behatokiak emandako datuen arabera 2020 abuztutik 2021eko abuztura arte ia bi puntuan jaitsi da langabezia tasa eskualdean.
Azken hilabetean zertxobait gora egin badu ere langabezia tasak Oarsoaldean —0,16 igo da abuztuan—, iazko abuztutik aurtengo abuztura ia bi puntuan jaitsi da tasa eskualdean. 2020ko abuztuan %12,10ekoa zen langabezia tasa eta aurtengo abuztuan, berriz, %10,26 izatera pasa da. Horiek guztiak Oarsoaldea Garapen Agentziaren Lan Merkatuaren Behatokiak emandako datuak dira. Langabezia tasak behera egin badu ere, behatokiak nabarmendu du uztaila eta abuztua artean 62 langabe gehiago izan direla eskualdean.
3.762. Hori Oarsoaldean abuztu amaieran zenbatutako langabe kopurua. Horrekin batera, 1.947 pertsona dira ERTE egoeran. Langabeen artetik, gainera, beste kopuru bati erreparatu dio Oarsoaldeako Behatokiak, izan ere, horien artetik %52,56, hau da, erdia baino gehiago, epe luzeko langabeak dira, horrek bazterketa egoerara eramateko suposatzen duen arriskuarekin.
Portzentaietan, beraz, Oarsoaldeko lau udalerrietako biztanleria osoaren %5,13 langabezian dago. Gipuzkoako langabezia tasari begiratuta, gainetik da Oarsoaldearena —%9,1eko tasa du Gipuzkoak— eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren azpikoa, —%11,3koa da EAEn—.
Udalerrika, berriz, Pasaia da langabezia tasa altuena duen Oarsoaldeko udalerria, eta Oiartzun kokatzen da bestaldean, tasarik baxuenarekin. Honakoa da udalerrika langabezia tasa: Pasaia %11,11; Errenteria %10,96; Lezo %9,20; eta Oiartzun %7,50.
Sektoreka eta kontratazio motaren araberako informazioa ere bildu du behatokiak txostenera. Hemen kontsulta daiteke informazio guztia.