OTXEk Gipuzkoako hiru txapelketa irabazi ditu
Gipuzkoako BTT txapelketan euren mailetan lehenak izan dira Nahia Polo, Gexan Albisu eta Patxi Plazaola. Bukatutzat eman dute 2022ko lasterketen sasoia.
Hirutan izan dira txapeldun OTXEko (Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolako) kirolariak asteburuan Ordiziako Oiangu parkean egin den Gipuzkoako BTT Txapelketan. “Emaitza zoragarriak izan ditugu. Hiru txapeldun ditugu taldean”, adierazi dute.
Nahia Polo errenteriarra nesken Gazte Mailan nagusi eta txapeldun izan zen. Gizonen 23 urtez azpikoetan Gexan Albisu oiartzuarrak jada etxean du herrialdeko txapela; eta Elite Mailan Patxi Plazaola taldekide orendaindarrari ez zion ihes egin maila goreneko urreak.
OTXEko kideek adierazi dute garaipen horiek ez direla kasualitatea. “Taldeak urte guztian egindako lanaren adierazle dira emaitza hauek. 2022ari begira jarri da jada JRG-Urkia-Amets taldea [OTXEren barruko taldea da], aurtengo denboraldiari bukaera emanaz”.