Umeekin harremana duten helduak aktibatu nahi dituzte
'365 egun euskaraz' dinamika aurkeztuko dute ostegun arratsaldean. Familia transmisioa lantzea proposatuko dute, hausnartuta.
Aurten ez da Euskaraldirik antolatuko, baina iniziatiba hori dinamizatzen duen taldeak zein udalak proposamen bat aurkeztuko dute datorren ostegunean —hilak 23—.
Umeekin harreman zuzena dutenei zuzenduta dago. Guraso, hezitzaile, zaintzaile zein bestelako senideei, hain zuzen ere. Hizkuntza-praktikak alda ditzaten proposatuko zaie, euskararen transmisioa aktibatu eta bermatzeko. Beste arlo batzuetan lantzea proposatu du Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak; lehenengoa izango da familiena.
Bilera irekia izango dela jakinarazi dute, eta umeekin harreman zuzena duten heldu guztiak gonbidatu dituzte bertara. Manuel Lekuona bibliotekako beheko solairuan izango da batzarra; 18:00etan hasiko da.
Helburua da herrian zer egin daitekeen eta zer egin nahi den interesa duten pertsona guztien artean hausnartzea.