Inoizko antzerki programaziorik oparoenarekin dator ikasturtea

Datorren igandean izango da lehen antzezlana. Mairu taldearen 'Iluntzen' antzezlana izango da ikasturtea hasiko duena. Sarrerak, txokolategian.

iluntzen mairu 'Iluntzen' antzezlanaren argazkia.

Oiartzungo Antzerkizaleen Elkartearen programazioa datorren igandean —hilak 26— hasiko da, Mairu taldearen Iluntzen lanarekin (sinopsia egitarauan azpian irakur daiteke). Udaletxean izango da, 19:00etatik aurrera. Sarrerak txokolategian eros daitezke bihartik aurrera, 5 euroan.

Hainbat berritasunekin hasiko da 2021-2022 ikasturtea. Horietako bat izango da fidelizazio txartela jarriko dutela martxan: Ikasle Txartelak lau saiotara joaten dena laugarren horretan musu truk sartu ahal izango da.

Horrez gain, gainera, inoiz baino programazio osatuagoa izango dute, Udalbiltzaren Geuretik sortuak-i esker. Gainera, herriko zein kaleko taldeek —hauek, uztailean— bere tokia izango dute egitarauan. Haurrentzako ohiko eskaintzarik ez da faltako.

Emanaldi guztiak udaletxeko areto nagusian izango dira, uztailekoa izan ezik. Udalbiltzaren eskutik programatu direnen ordua zehazteke dago.

Egitaraua

  • Hilak 26, 19:00etan: Iluntzen, Mairu taldearena.
  • Urriak 24, 19:00etan: Hackerrak, Nomofobikoak taldearena.
  • Azaroak 14, 19:00etan: Atzerrian lurra garratz, Artedramarena.
  • Abenduak 12, 19:00etan: Antroan intro, Orratxena.
  • Abenduak 19, 18:00etan: Kalean Bizirik, Potx eta Lotxen eskutik (haurrentzat).
  • Urtarrilak 28: Trapu zikinak, Lore-More (Udalbiltzaren eskutik).
  • Otsailak 13, 19:00etan: Satiro (Xanti Agirrezabala) eta Kabia (Jone Bengoa).
  • Martxoak 20, 19:00etan: Album, Formolena.
  • Apirilak 24: Bidaide, Metrokoadrokarena.
  • Maiatzak 15: Eresia, Oier Zuñigarena.
  • Maiatzak 29 (ordua zehazteke): Herriko gazteen taldeak.
  • Ekainak 4 eta 5 (ordua zehazteke): Txinalka herriko helduen taldea.
  • Ekainak 19: Mutildun aulkia, Ttanttakaren eskutik (Udalbiltza).
  • Uztailak 8 (20:00etan; kalean): Hemen gaude dena ondo, Rouge Elearena.
  • Irailak 18: Herriminak, Bonbon Beltzena (Udalbiltza).
 

Sinopsia

Ibai baten ertzean dagoen herri batean bizi dira Erramun Joakin, Mari Pili eta Shepherd Jauna. Beraiekin dago Cristobal ere, ibaia gurutzatu nahi duen jendea laguntzeko prest dagoen erraldoia. Kezkaturik daude herria husten ari delako; jendez gutxitzen…

Garai batean aberatsa izandako lekua, iluntzen ari da. Iluntasuna nagusitzen ari da. Ez da ontzirik gerturatzen aspaldian. Ez dute bisitaririk jasotzen. Eta Enara, argia ematen dien gaztea ere, kanpora joatekoa dela jakitean, etsipena eta kezka nagusitzen dira. Nola eragotzi herria itzaltzea? Nola biziraun?

Azkarregi doanarentzat geldirik dagoena desagertzen da; desegin.

Zaharkitzen dira herriak. Gazteek ihes egiten diote, halabeharrez, zerbait hobearen bila, edo ez dutelako bertan beraien lekurik aurkitzen. Garai batean aberatsa izandakoak, aberastasunak zabaldutakoa, kanpotik aberatsak ere erakarritakoak, isolaturik gelditzen ari dira; bizirauteko ia esperantzarik gabe. Bazterreko jendeari mugak itxi nahian ibiltzen gara, eta mugatuak bilakatu gara gu ere. Abiada bizian mugitzen den mundu honetan, bazterrean gelditzen dira lekuak; bazterrean gelditzen da jendea.

Mikroipuinak, elkarrizketa biziak eta isiluneak tartekatuz, alegiazko istorio batean barneratu nahi du Mairu Antzerki Tailerreko lan honek. Surrealismo magikoaren kutsua eman, baina errealitatearen iluntasunari ihes egin gabe. Idazkera poetikoan sakondu, eta gordintasuna azalerazi.

Alegia klasikoetan bezala, antzezlan honetan ere animaliak dira protagonista; baita mito eta kondairetatik eratorritako pertsonaiak ere. Pertsonak diruditen animaliak, edo animaliak diruditen pertsonak. Alegiazko pertsonaiak azken finean.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.