[Galeria] Musika soinuak nagusi Atlantikaldiaren bigarren egunean
Erdialdera iritsi da Atlantikaldia eta musikak hartu du nagusitasuna. Antia Muiño galiziarrak hautsi du isiltasuna eta iluntze aldera hasi da Joseba Tapia eta Sharon Shanon bandaren kontzertu berezia.
Jaialdiaren bigarren eguna izan da gaurkoa. Apaxi ipuin kontalaria entzuten egon dira haurrak Herrixkan eta ondoren giroa animatu egin da 18:30etatik aurrera Trakamatrakaren kontzertu tailerrarekin. Leku eta momentu berean, sareak sortzeko tailerrean parte hartzeko aukera ere egon da.
Antia Muiño galiziarraren ahotsa izan da gaur entzun den lehenengoa, Carta aberta bere lehen lana aurkeztu du Kalekaian. Hortik ordubetera hasi da Lekuona Fabrikan eguneko kontzertu nagusia, Joseba Tapia eta Sharon Shanon. Goraino bete da antzokia 1998. urtetik honaino lasartearraren doinuak entzutera, emanaldi berezi honetaz gozatzera. Izan ere, Tapiak aipatu bezala, aspaldi ez zuen Errenteria-Oreretan jotzen eta bandarekin itzuli da.