"Egiten duten horretan sinetsi behar dute emakumeek"
Oiartzunen bizi da Patri Espinar (Usansolo, Bizkaia, 1985). Mendi orientazio saioak ematen ditu, emakumeentzako, ahalduntzeko. Hori, zein luze doakion kirol ibilbidea izan ditu hizpide.

Patri Espinar betidanik egon da kirolari lotuta. Mendi orientazio saioak eskaintzen ditu, emakumeentzako. Ahalduntzeko modu bat dela esaten du; berak hala egin zuen.
Mendiko bideak urratzeaz gain, kirol munduan ere ibilbide luzea egin du, arantza eta osinaz betetakoa. Hori guztiari buruz aritu da orain Oiartzunen bizi den Patri Espinar.
Emakumeentzako mendi orientazio saioak ematen dituzu, espezifikoki. Zergatik ikusi zenuen behar hori?
Mendi gidari titulua atera nuen duela sei bat urte. Bizi nuen ahalduntzearen eta konfiantza hartzearen prozesua beste emakumeekin parteka nezakeela erabaki nuen.
Mendira joaten ziren andre gehienak gizonen gidaritzapean egiten zuten: ez zituzten erabakiak hartzen, edo mapak interpretatzen. Emakumeak ere era autonomo eta seguruan mendira joateko aukera izatea da helburua.
Emakumeek zergatik ez dute orientazioa kontrolatzen? Gizonek bere egin dutelako?
Gizarte matxista batean bizi garelako, argi eta garbi. Emakumeok hainbat arlo mugatuta eduki ditugu, baita eskubideak ere. Adibidez, duela erlatiboki gutxira arte emakumeek ezin zuten lanik egin, ezin zuten kirolik egin, ezta ikasi ere. Hori guztia gizartean islatzen da, eta berdin gertatzen da kirolean.
Askotan entzuten da emakumeek ez dakitela orientatzen. Hori ez da horrela; kontua da ezin izan dutela inoiz ikasi. Gero badaude iaioagoak izango direnak, letretan edo zientziatan abilagoak dauden bezala. Emakume helduek —60 urteren bueltakoek— ikastaroetan esaten didatenean gaizki ematen zaiela orientazioarena, nik galdetzen diet ea noizbait erakutsi dieten. Ezezkoa izan ohi da erantzuna, eta esaten diet ea ikastaroa jaso ondoren nola joaten zaien.
Zein erantzun jasotzen duzu?
Txipa aldatuta etortzen dira. Launa orduko sei saio eman ohi ditut. Frogatuta daukat bi saiorekin ez dela nahikoa; zerotik hasten diren emakumeak dira. Hiruzpalau saioren ondoren hasten dira barneratzen eta prozesatzen.
«Entzuten da emakumeek ez dakitela orientatzen; hori ez da hala»
Saioak nolakoak dira? Lokatza zapaltzen al duzue?
Ez du zentzurik teorikoa bakarrik emateak. Hasierako biak teoriko-praktikoak dira; adibidez, kartografiari buruzko teoria orokorra, edo iparrorratzaren erabilerari buruzkoak. Naturarekin bat egin behar da, beraz, praktikoa izan behar da ongi ikasteko.
Hiru gako horiek ematen dituzu: natura, iparrorratza eta mapa.
Naturari dagokionez, ikasten dugu nola orienta gaitezkeen ingurukoekin: eguzkia; urtaroak daudela; gauean, izarrekin; goroldioa, nahiz eta beti ez den fidagarria; txorien habiak… Horiei batzen zaie iparrorratzaren erabilera eta mapa irakurtzen jakitearena.
Horrez gain, alde psikologiko bat ere landu beharko duzu, ezta?
Oso baliagarria egin zaidan aholku bat ematen diet: beraien buruarengan konfiantza izatea, baita norberaren intuizioan ere. Ibilbide bat nondik joan daitekeen baldin badute buruan, kasu egin diezaiotela bere usteari. Egiten ari diren horretan sinetsi behar dute, eta praktikan jarri; ikusiko dute ongi ari diren ala ez, eta horrela ere asko ikasiko dute.
Betidanik kirolari atxikituta egon zara. Mundu oso maskulinizatuan ere bidea urratu duzu. Berez hartutako bidea izan da, ala hautu politikoa?
Barrutik ateratzen zaidan zerbait da, nire izaeraren parte bat. Ni ez naiz izan neska oso femenino bat —maskulinoa eta femeninoa izatea, zer da?; ulertzeko erabiltzen dut—, baina beti gustatu zaizkit gehienbat gizonek praktikatu dituzten kirolak: esku pilota, futbola, abentura kirolak, BTT, eskia, rollerra… Kirolek asebetetzen nautelako eta gustuko ditudalako praktikatu ditut, ez zerbaiten kontra joateagatik edo arauak apurtzeagatik. Ez da bide erraza izan.
1985ekoa zara. Belaunaldi horretan kiroletan aritzen zineten neskak gutxiengoa baino, salbuespena zineten.
Esaten dut badagoela jendea txikitatik ongi dantzatzen dena edo ongi abesten duena. Niri kirola ongi joan zait. Oso mugitua nintzen, gainera. Trebea nintzen kiroletan; bat probatu eta berehala harrapatzen nuen, edozein kirolekin.

Abuztuaren 4an eman zuen saioa, feministen asanbladak antolatuta
Mutilekin ala neskekin jolasten al zenuen?
Sei urterekin hasi nintzen futbiton, mutilekin. Hiru urte inguru egon nintzen haiekin, eta gero neska nagusien taldera pasatu ninduten, bederatzi urterekin. Besteek 14-15 urte zituzten…
Hor, agian, adineko mutilekin baino arrotzago sentituko zinen…
Mutilen itxura nuen, esaten zidaten belarritakoak kentzeko, eta jendearentzako mutil bat gehiago nintzen. Neska helduagoekin oso gustura ibili nintzen, erlazioak egiteko badudalako joera.
Pilotan, berriz, zazpi urte inguru egon nintzen, Usansolon. Hamazazpi urtera arte aritu nintzen, neska eta mutilen arteko indarraren aldea oso nabarmena zenean. Mutilek gorputza ia guztiz garatuta zuten, eta ni orain naizen bezalakoa geratu nintzen: txiki-txikia eta argala.
«Kirolak egin ditut asebetetzen nautelako, ez zerbaiten kontra joateagatik»
Gero —19 urterekin— palan hasi nintzen, neskekin. Futbolean neskekin hasi nintzenean, Galdakaon, zaharrenak 32 edo 34 urte zituen, eta nik 14. Trapitxeoren bat egin behar izan zuten fitxarekin, 15 urte izan behar zirelako [kar-kar]. Pilota eta futbola uztartzen nituen.
Oraingo ikuspuntutik begiratuta, emakumeen futbola egun dena baino are prekarioagoa zen.
Hondarrezko futbol zelai batean entrenatzen ginen; azkenak izan ohi ginen entrenatzen —21:00 edo 22:00etan—; baloi urratuenak; gizonen arropen soberakinak ematen zizkiguten… Imajina nazazu, 1,60 neurtuta eta XXL neurriko kamiseta batekin.
Egon naizen taldeetan, hori bai, zuzendaritzako kideekin tratu pertsonal oso ona izan genuen, baina baliabide aldetik, azkenak ginen. Gero Athleticen jokatu nuenean, hor bai, profesionalizatuta zegoen, gizonen beste taldeek bezala entrenatzen ginen, Lezaman.
Prestatzaile fisikoak genituen, entrenatzaileak, sendagileak eta abar. Ez genuen ezer irabazten, baina baliabide oso onak genituen. Oiartzunen urte asko ibili nintzen. Baliabide gutxiko talde umila da, baina oso tratu ona eman ziguten. Laguntzeko prest zeuden beti.
Esku pilotan gazte zinenean ibili zinen. Munduko txapeldun izatera ere iritsi zinen gero, eta denboraldi honetan bertan utzi duzu.
Emakumeen pilotaren ikusgarritasuna handitu da, baina baldintzak oraindik ez dira egokienak. Telebistan ateratzen dira txapelketa pare bat, baina egoera ez da oraindik oso ona. Gu ez gara aberasten, eta gure iritziak ez dituzte kontuan hartzen, besteak beste. Protagonistak gara, baina aldi berean guk nahiko genituzkeen baldintzetan baino okerragoetan ibiltzen gara.
Palan 1990eko hamarkadatik gabiltza, baina ez zaio ikusgarritasunik eman, nahiz eta munduko jokalari onenak Euskal Herrikoak diren. Esku pilotariak hasi ginen medioetan gehiago ateratzen, 2015 inguruan. Lan handia dago egiteko, ez da bakarrik telebistan agertzea: egituratu egin behar da dena, eskolak sortu, kluben aldetik erantzuna eman behar zaie neskei, harrobia sortu, adin batetik aurrera talde federatuak mantentzeko saiakera egin… Gero eta neska gazte gehiago ari dira pilotan jokatzen.
Zein izan dira pilota uzteko arrazoiak?
Ez dut lizentzia berritu, pena handiz. Joko mailan inoiz baino hobeto nengoen, baina eskuko arazoek ez didate utzi jarraitzen. Alde batetik, fibrosi bat dut eskuineko eskuan. Bestetik, Raynauden gaixotasuna dut, odol zirkulazioari eragiten diona; oso zaila egiten zait eskuak berotzea eta ez mintzea.
Nire burua zaintzen nuen, baina ezinezkoa egin zait aurrera egitea. Emakume Pilotarien Elkarteko presidente ere izan nintzen, eta marroi asko jan behar izan nituen. Ez dut gustuko pilotak nola funtzionatzen duen bulegoetan. Horrek erretzen du, eta motibazio gutxirekin nenbilen.
«Ezkutuan egon diren emakumeak azaleratu, ahaldundu behar dira»
Telebistako reality-etan atera zara.
Basetxea-n parte hartu nuen 18-19 urte nituenean, eta hura izan zen bizitu nahi nuen zerbait, nire buruari jarritako erronka bat. Ondoren, argi neukan ez nuela nire burua berriro aurkeztuko. El conquis-en parte hartzea lan aukera bat izan zen.
Erreferentzial izan daitezkeen emakumeak telebistan agertzeak ikusgarritasuna eman dezake?
Ez dut inoiz bilatu inoren eredu izatea; etorri zait, edo bila nigana etorri dira. Nahi nuen hori bizitu, baina balio badu ikusgarritasuna emateko kirol gutxitu bati edo zapalduta dagoen gizartearen talde bati, aurrera. Jendeari eredu berriak badaudela erakutsi behar zaio.
Telebistan, baina beste eremuetan ere bai sustatu beharko lirateke…
Noski. Emakume kirolariak, emakume feministak, edozelako emakumeak sustatu behar dira. Oso zapalduak egon gara, baina berdintasunaren aroan gaude, eta ezkutuan egon diren emakume horiek azaleratu eta ahaldundu behar dira, plazara ateratzeko.