Zuzentasunez, baina sormenari hegalik kendu gabe idazteko
Gezi Beltzak izeneko sormenezko idazketa tailerra abiaraziko du Ehuntzek. Oier Guillanek koordinatuko du, idazle gonbidatuekin. Idazterakoan mirak zabaltzeko tresnak ematea da helburua.
Orri zuriaren aurrean jartzeak bertigoa eman ohi du. Orri hori izan liteke fisikoa, edo digitala, pantailan irakurtzen ari zaren hau bezalakoa. Hatzak teklatuaren gainean dantzarazten hastea ez da ariketa aerobiko bat, eta batzuetan dantzalaguna izatea hobea da, barrenean gordetakoa ateratzeko.
Ehuntze espazioko kideek horrelako zerbait egin nahi dute Gezi Beltzak sormenezko idazketa tailerraren bitartez. «Abiapuntutik, antolatu dugunok ere zalantza handiak ditugu nola egin daitekeen idazketa tailer bat, eta kontraesan hori kontuan hartu dugu», esan du Oier Guillanek, ikastaroaren koordinatzaileak.
Ez dute formula magikorik erakutsiko, ez dagoela uste baitu, eta bakoitzak berea garatu behar duelako. Argi dutena da zer eskaini nahi duten, Guillanek azaldu duenez: «Guk tresna gehiago eskainiko ditugu formula bilatze horretan. Saiatuko gara ezohiko bideetatik jotzen, baina begirada zabaltzea da ideia».
Idazketa tailerretara joaten direnek, normalean, argitaratu edo lana erakustarazi nahi dutela adierazi du Guillanek. Gezi Beltzak tailerrean antzekoa izango da: «Bakoitzak eduki dezala espazioa bere proiektua egiteko; probatzeko, garatzeko. Eskemak apurtu ahal dizkizuten ariketak proposatuko ditugu».
Idazten aritu ondoren, zuzenketa lanetan aritu bainoago, lanei buruz hizketan arituko dira, eta bakoitzak bere iritzia emango du. «Noski», gaineratu du, «frontoi lana egiten ari garenok edukiko dugu prestatuta estrategia, baina helburua ez da hainbeste txapa eman eta jasotzea».
Lau bisitari
Egun bakoitzak bere «izaera propioa» izango duela adierazi du ikastaroaren koordinatzaileak. Gainera, lau idazlek bisitak egingo dituzte Beheko Plazako lokalera, beren eskarmentua eta jakintza partekatzeko.
Lehenengoa Harkaitz Cano izango da, urrian bertan, eta gaia zehazteke dago. Bigarrena Gorka Arrese izango da, narratzailearen ikuspuntuei buruz hitz egiteko. «Adieraziko du nondik idatz daitekeen, zein ikuspuntu ezberdin dauden, eta zer zentzu izan dezakeen bakoitzak», zehaztu du Guillanek.
Hirugarrena, berriz, Uxue Alberdi izango da, datorren urteko lehen hilabetean. Narraziogintzan zein saiakeragintzan egiten diren aurredokumentazio lanak izango ditu hizpide elgoibartarrak, arnas luzeko lan bati aurre egiteko beharko dena.
Tailerra bukatzeko, Ixiar Rozasek gidatuko du saioa, idazketa eta ahotsari lotutako performance tailer bat egiteko. «Esperimentu batean egoteko aukera izango da», gaineratu du Guillanek.
Hilabete bakoitzeko lehen hiru larunbatetan izango dira saioak, 10:30etik 13:30era, ordu erdiko atsedenaldiarekin. Oiartzuarrek 30 euro ordaindu beharko dute hilero, eta kanpokoek, 50. «Udalak laguntzen du, eta ideia da ikastaroa herrian errotzea», azaldu du.
Izena emateko azkeneko eguna datorren asteartea izango da —hilak 5—, eta horretarako Ehuntzeren helbide elektronikora idatzi beharko da.
Guillanek esan duenez, ez dute talde oso handia sortu nahi, konfiantza giroa bermatzeko. Hala ere, ikastaroa egin ahala joango dira probatzen, eta horren ondoren, ondorioak ateratzen. «Horren arabera, ikusiko dugu noiz jarri daitezkeen saioak, zenbat jendeko taldea osatu, eta beste hainbat kontu».
Ikastaroa bera ere orri zuri bat delako, gezi beltzen zehaztasunarekin markatu beharrekoa, sormena zedarritu gabe.