Antzerki eta musikaz beteko dira Lekuona eta Niessen

Gaur hasi eta urriaren 31n amaituko da hilabete honetako antzerki eta musika eskaintza. Adin guztietako ikusleengan pentsatutako agenda osatu du udalak eta sarrerak jada ohiko bideetan eskuratu daitezke.

Bilboko Kabia Teatroak ‘El alimento de las moscas’ antzezlana interpretatuko du hilaren 31n.

Antzerkia eta musika izango dira protagonista Lekuona Fabrikako eta Niessen Kulturguneko agertokietan gaur hasita, hilabetea amaitu arte. Gainera, duela egun batzuk iragarri zituzten COVID-19 gaixotasunaren hedatzea ekiditeko neurri berriak, eta, horregatik, aforoa handitu dute eta zutik egoteko lehen kontzertua eskainiko dela ere iragarri du udalak.

L’home dibuixat konpainiak Zapata berriak antzeztuko du gaur (hilak 8) Niessen Kulturgunean eta bi emanaldi eskainiko dituzte, bata, 17:00etan eta bestea, 18:30ean. 3 urtetik gorakoei zuzendutako saio honek, iaz, haur eta familientzako ikuskizunik onenaren Max Saria jaso zuela adierazi du kultura departamenduak.

Igandean 19:00etatik aurrera, Atx Teatroaren txanda izango da eta sortu duten azken lana, Lubaki lainotsua, aurkeztuko dute lehen aldiz Lekuona Fabrikako Sorlekuan. Kasu honetan sarrera doakoa da baina lehenagotik eskuratu beharko da hala ere.

Musikari ere tartea utziko zaio, Tribade rap taldeak joko baitu La Basu artista bizkaitarrarekin batera Lekuonan urriaren 16an. Neurri berriak direla-eta, zutik eskainiko den lehen kontzertua izango dela adierazi du kultura sailak, 20:00etan hasiko da.

Hilabete honetako azken antzerki emanaldia Kabia Teatroaren eskutik dator, El alimento de las moscas izena du antzezlanak eta Teatre de L’Enjolitekin batera garatu dute. Aipatzekoa da Eusebio Calongek idatzi duela antzerkia, La Zaranda konpainian egindako ibilbideagatik ezaguna denak.

Sarrerak esteka honetan sartuta lortu daitezke edo ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago leihatilara gerturatuta, beti ere, aurretik agortu ez badira denak, udalak zehaztu duenez.

Helduei zuzendutako ekitaldietara joateko prezioa 8 eurokoa da eta haur eta familientzako diren ekitaldiena 3 eurokoa. Aldiz, Kultura txartelaren titularra direnei %20ko deskontua aplikatuko zaie.

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.