Gasteizko erailketa matxista salatuko dute etzi oiartzuarrek
Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzera deitu ditu oiartzuarrak. Udalak bat egin du deialdiarekin.
Gasteizko erailketa matxista salatzera deitu du Oiartzungo Feministen Asanbladak. Etzi (hilak 15, ostirala) bilduko dira Done Eztebe plazan, 19:00etan. Asteartean izan zen erailketa, gizon batek bere bikotekidea erail zuen labankadaz, adingabeko bi seme-alabak bertan zeudela. Ondoren, bere buruaz beste egin zuen eraileak. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako bosgarren emakumea da.
Udalak hilketa gogor gaitzesteaz gainera, “gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa” berretsi du, “emakumeen bizitzak arriskuan egongo ez diren gizarte bat eraikitzen jarraitzeko”.
Indarkeria egoeraren bat bizitzen ari diren emakume oiartzuarrei Udaleko Gizarte zerbitzuetara jotzeko deia egin die udalak (943 490 552 telefono zenbakira deituta, edo bestela 24 orduko arreta zerbitzuaren 900 840 111 zenbakira).