"Legedi arrunta aplikatuz gero, irteera baimenekin etxean egoteko aukera izan beharko luke"
Oiartzungo Sarek Joanes Larretxea euskal preso oiartzuarraren egoeraren gaineko irakurketa egin berri du, haren atxiloketaren 12 urteurrenean. Oiartzuarra etxera ekartzeko oraindik ere "bi oztopo nagusi" daudela salatu dute.
Oiartzungo Sarek agerraldia eskaini zuen atzo arratsean, astelehenean 12 urte bete baitziren Joanes Larretxea Mendiola atxilotu zutenetik (2009ko urriaren 11n atxilotu zuten Frantzian). Oiartzuarraren egoeraren gaineko irakurketa elkarbanatu nahi izan zuten oiartzuarrekin.
Pasa den ostiralean Donostiako Martuteneko espetxera ekarri zuten Larretxea, azken urteetan Fleury, Soto del Rea, Herrera de la Mancha eta Asturiaseko Villabona espetxeetatik pasa ostean. Sareko kideen arabera “argi dago Joanes Euskal Herriratzearekin batera atzean utzi dugula urrunketa urteen zama”, eta gaineratu zuten amaiera eman zaiola “urrunketak dakarren zigor erantsiari”.
“Fase berri batean aurrean gaudela” erantsi zuten atzokoan. Joanes Euskal Herrira ekartzea lortu dutela diote, eta orain “Joanes etxera ekarriko duen bidearen parte aktibo izango” direla herritarrak. Larretxea etxera ekartzeko premia nabarmendu zuten, izan ere, oiartzuarrari espetxe politika arrunta aplikatuko balitzaio, baimenekin jada etxean egoteko aukera izango luke. Hala ere egun euskal presoei aplikatutako salbuespen legedia dela eta aukera hori bertan behera geratzen dela salatu zuten amorruz, “ezerezean”, haien hitzetan.
Atzoko agerraldian ere oiartzuarra etxera ekartzeko dauden oztopoak salatu zituzten, bi nagusi aipatu zituzten. Batetik, Frantzian betetako urteak aintzat ez hartzea oztopo nagusia dela esan zuten, hau da, Espainiak ez dituela kontuan hartuko oiartzuarrak Frantzian igarotako sei urteak. Urte hauek kontuan hartuko balira, zigor osoaren laurdena beteta izango luke euskal presoak, eta ondorioz baimenak jasotzeko baldintza guztiak beteko lituzke.
Bigarren oztopo nagusia 2003an euskal presoei espresuki aplikatzeko sortutako salbuespen legedia dela gaineratu zuten atzokoan. 7/2003 Lege Organikoaren ondorioz Larretxeak 40 urteko zigorra bete beharko duela salatu zuten. “Salbuespeneko legedi hau, salbuespen egoera bati erantzuteko sortu zen, eta ondorioz, gaur egun bertan behera gelditu beharko luke”. Legedi hau indargabetuko balitz, gehienez 30 urteko kondena bete beharko luke, beraz, hiru urte barru zigorraren erdia beteta izango luke, eta ondorioz, hirugarren gradua eskuratzeko aukera lortuko luke.
Amaitzeko, nabarmendu zuten “legedi arrunta aplikatuz gero, Joanesek gaur bertan irteera baimenekin etxean egoteko aukera izan beharko lukeela”. Hori izango da Sareko kideen hurrengo helburua, eta horretan jarraituko dute “gogor, orain arte egin dugun bezala, indarrak bildu eta herritarrak aktibatuz”.