Oiartzuarrek ere gogor salatu dute Erika Tavaresen erailketa matxista
Hamarka lagun bildu ziren atzo arratsean Done Eztebe plazan, 'Emakumeok aske eta bizirik' lemapean, Oiartzungo Feministen Asablandak egindako deiari erantzunez.
Gogor salatu zuten atzo oiartzuarrek Erika Tavaresen erailketa matxista. Hamarka lagun bildu ziren arratsean Done Eztebe plazan, ‘Emakumeok aske eta bizirik’ lemapean, Oiartzungo Feministen Asablandak egindako deiari erantzunez.
Bertan salatu zutenez, “amorruz” utzi ditu albisteak, “nazkatuta”. “Beste erailketa bat gehiago, beste emakume bat gutxiago. Noiz arte?”, esan zuten atzokoan. Ekintzetatik praktikara salto egiteko premia nabarmendu zuten, “indarkeria matxista errotik sostengatzen duten genero sistema eta botere harremanak deuseztatzeko”. Izan ere, asanbladako kideen arabera erailketa hau ez da fenomeno isolatu bat, “bizi garen jendartearen antolaketa sakonki sexistaren emaitza baizik”. Egoera “jasangaitza” dela erantsi zuten eta dei egin zieten gizarte eragile guztiei “indarkeria matxistaren aurka tinko borrokatzeko, gaitz honen aurrean arduraz jokatzeko”.
Asteartean izan zen erailketa, bikotekideak erail zuen Tavares labankadaz, adingabeko bi seme-alabak bertan zeudela. Ondoren, bere buruaz beste egin zuen eraileak. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako bosgarren emakumea da. 2003tik 112 dira bortizkeria matxistak eraildakoak.