Baserritar jantzien erakusketa ikusgai Jantziaren Zentroan, bihartik aurrera
XX.mendeko baserritarren argazkietan oinarrituta, baserritar jantzien errepliken erakusketa osatu du Jantziaren Zentroak. Bihar irekiko dituzte ateak eta urtarrilaren 2an itxi, eta asteburuetan bakarrik bertaratzeko aukera izango da. Gainera, bi bisita gidatu antolatu dituzte Ramon Garciaren gidaritzapean, abenduaren 11 eta 18rako.
Jantziaren Zentroan XX. mende hasierako baserritar jantzien erreplika erakusketa irekiko dute bihar, eta ikusgai egongo da hurrengo urteko urtarrilaren 2 arte. Erreplikak egiterakoan, Euskal Herriko hiru herrialdetan ateratako argazkietan oinarritu dira, zehazki, Gipuzkoako Beasain, Azkoitia eta Legazpi, Zuberoako Atharratze, eta Bizkaiko hainbat herritan.
Jantziak ez ezik, garai hartako baserritarren egunerokoa islatzen duten eta erakusketa egiteko erabili dituzten 14 argazkien erakusketa ere jarriko dute. Begirada mende bat atzera egiteko asmoari jarraituz, pareta batean Biteri eta Xenpelar kaleen arteko duela mende bateko lotunea ere ikusi ahalko da.
Norbere kabuz joateko aukeraz gain, bi bisita gidatu egingo ditu Ramon Garcia, Iraultza Dantza Taldeko buruak, abenduaren 11 eta 18an. Egun bakoitzean bi txanda egingo dituzte, bata 19:00etan eta bestea 20:30ean, eta sarrerak helbide honetara mezu bat idatziz erosi daitezke 5 euroren truke.
Asteburu eta jai egunetan edukiko dituzte ateak zabalik, larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara, eta igande eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara. Abenduaren 25 eta urtarrilaren 1an Kapitain etxea itxita egongo dela gogorarazi dute.