[Erreportajea] Garajean geratuko dira, adi
Mirentxin-eko gidariek errepidea utzi dute, euskal presoen senideen eskaerak behera egin baitu. Halere, beharrezkoa denerako ibilgailuak mantenduko dituzte, «borroka hau ez baita amaitu oraindik».
Azken hogei urtean, astebururo, furgoneta lagunez bete eta Espainiako zein Frantziako kartzeletara abiatu dira euskal presoen senide eta lagunak Mirentxin-eko gidariekin. Oarsoaldean eta Bidasoan bi furgoneta atera dira ostiralero, baina azken asteetan, ordea, ez dute hitzordurik egin, egitasmoarekin bukatzea erabaki baitute Euskal Herrian. Hori bai, furgonetak garajean sartu dituzte, hor geratuko dira oraingoz, beharrezkoa denean berriro motorrak piztu eta errepidea hartzeko.
Urte luzez Mirentxinen gidari izan diren lau herritarrekin bildu da Hitza. Egindakoa oroitu dute, zeharkatutako milaka kilometro horietan bizitako uneak gogoratu dituzte, eta egitasmoa zergatik eten den azaltzeko luze aritu dira mahai baten inguruan.
Egitasmoa abiatu zenetik gidari gisa aritu da Asensio Biaña Kaxka lezoarra, 21 urte eman ditu boluntario lanak egiten. Lehen unetik oso argi izan zuela dio. «Guri ere tokatu zaigu senideren bat edo gertukoren bat espetxean egotea, eta betidanik sentitu dugun elkartasun horrek bultzatu ninduen Mirentxin-en gidari izatera. Egin beharreko gauza bat izan da, beste mila bider egingo nuke».
Sergio Elgezabal pasaitarrak ere urte askoan egin ditu gidari lanak —ia hamar—. Ordutik «ezkutuko lan hori egiteko» jendetza prest agertu dela dio, harro. «Senideak, ezer egin gabe, zigortu dituzte. Errudun izan gabe zigor bat betetzen ari dira, dispertsioaren zigorra, eta zorionez elkartasuna handia izan da, Mirentxin ezinbestekoa izan baita senide askorentzat».
Azkenaldian, ordea, behera egin dute bidaiek. Azken hilabeteotan euskal preso ugari Euskal Herrira ekarri eta gerturatu dituzte, eta horrek eragina izan du egitasmoaren egunerokoan. «Zorionez iritsi da une bat non senideek ez duten behar furgoneta bat bidaia luzeak egiteko. Andaluzian ez dago presorik jada, eta denak Madrildik gora daude. Senide gehienek ez dute behar furgoneta bat Soria edo Zaragozara joateko». Egun senideen aldetik ia eskaerarik ez dagoenez, euren jarduna etetea erabaki dute Euskal Herrian, baita Bidasoan eta Oarsoaldean ere. «Horrelako estruktura bat mantentzea garestia da, Oarsoaldean eta Bidasoan genituen bi furgonetak saldu ditugu jada. Baina Euskal Herri mailan zenbait furgoneta mantenduko dira», gaineratu du Biañak.
Egoerak hobera egin badu ere, gidariek nabarmendu dute oraindik 200 presotik gora daudela kartzeletan, eta horietatik 100 baino gehiago Euskal Herritik kanpo daudela. «Egia da ez daudela hain urruti, baina hala eta guztiz ere, ez daude gertu». Datuei erreparatuta, guztira 221 euskal preso daude kartzeletan: 129 Espainian, 53 Euskal Herrian, 24 Frantzian eta 11 etxean preso. «Borroka hau ez da bukatu, bide luzea dago egiteke oraindik», erantsi du.
Dispertsioaren zama astun hori eramaten lagundu diete zentzu batean gidariek presoen senideei, hori sumatu dute boluntarioek. «Ez da gauza bera bakarrik edo beste senideren batekin joatea, edo furgonetan sei lagunekin batera joatea. Babes hori sumatzen zuten senideek, eta beti esker ona jaso dugu».
«Azkena izan dadila»
Joan den hilean egin zuen Oarso Bidasoko Mirentxin-ek azken bidaia, Sevillara hain zuzen. «Beti desiratzen egon naiz ea noiz izango ote zen azken bidaia benetan. Urte asko izan dira, senideentzako oso gogorrak. Ez gara kontziente zeinen gogorra den haientzako», dio Elgezabalek.
Astebururoko bisita horietan «denetarik» pasatu zaiela aitortu dute lau gidariek. Anekdota asko gogoratu dituzte, tristeak bereziki, baina baita une pozgarriak ere. Istripuak, matxurak, poliziaren kontrolak… «Hemendik Ceutara joan eta bisita ukatu, eta hurrengoan berdin-berdin, denetik egin digute», adierazi du amorruz Iñigo Nevado irundarrak, 14 urtez gidari gisa egindako bidai horiek gogoratuz. «Ikaragarria da, ez dira konturatzen mila kilometro egiten dituzula errepidean bisita labur baterako, eta beti oztopoak jarri dizkigute. Hortik hasita, bidean galdu, bat-batean Portugalen azaldu… Perretxiko bila hasi bisitak irauten zuen bitartean… Barre batzuk ere bota ditugu, une politak egon dira zorionez», erantzun dio barrez Elgezabalek Nevadori. Egoera politikoaren arabera oztopo gehiago edo gutxiagorekin topo egin dutela gaineratu dute gidariek.
Zorionez ehunka kilometroko bide horietan ez dituzte soilik oztopoak aurkitu, une politak ere bizitu dituzte, eta bidean jende ugarirekin harreman estua egin dute gidariek. «Jende jator askorekin egin dugu topo, etxean ere hartu gaituzte noizbait», erantsi du Biañak.
Joxe Mari Mujika pasaitarrak ederki gogoratzen ditu orain dela 15 urte egindako lehen bidai horiek. Lehena bereziki «oso hunkigarria» izan zela aitortu du, «pilak kargatuta» itzuli baitzen. «Joana beti lasaiagoa izaten zen, urduritasun horrekin ginelako, eta senideek deskantsatuta iritsi behar zutelako. Baina txute handi batekin itzultzen ginen beti».
Oarsoaldean eta Bidasoan ehunka boluntario izan ditu Mirentxin-ek, zentzu horretan ez dute sekula arazorik izan. Gidari bakoitza urtean behin edo bitan joan da, asko izan baitira prest agertu direnak. «Behin Burgosen matxura bat izan genuen, eta berehala Oiartzungo bi gidarik euren furgoneta hartu, bila pasa eta espetxeraino eraman gintuzten denak. Pentsa noraino iritsi den elkartasuna». Lehen bidai hartatik ehunka gidarik egin dituzte boluntario lanak Oarsoaldean eta Bidasoan, Mujikak dio «erantzuna ikaragarria» izan dela hasieratik bukaeraraino.
Hasieratik, gainera, proiektua erabat autogestionatua izan dela gaineratu du laukoteak. 2000. urtetik zazpi bat furgoneta izan dituzte bertako eskualdeetan. «Kilometro asko dira astero, beraz, lau urtean behin beste bi erosi behar izan ditugu». Gastu horiei aurre egiteko ere herritarrek erakutsitako prestutasuna eskertu nahi izan dute gidariek.
Mirentxin-en ibilbide luzea bukatzeko bazkari bat egitea otu zaie azken bi hamarkadetan gidari izan direnei. Sagardotegi bat antolatu dute azaroaren 20rako (larunbata da), Errenteria-Oreretako Egi-Luze sagardotegian. «Badakigu oraindik ez dugula askorik ospatzeko, baina eskerrak eman behar dizkiegu boluntario lanak egin dituzten guztiei, hori sentitu dugu amaiera honetan. Bidean geratu direnak ere gogoratuko ditugu, festa moduko bat izango da». 250 lagunentzako tokia egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Lehenik gidariei egin diete deialdia, baina lekurik geratuko balitz, edonori luzatu diote bazkarira apuntatzeko gonbita. Bazkarirako sarrera 35 eurokoa izango da, eta 14:00etarako jarri dute hitzordua. Sagardotegira igotzeko autobusa Pontika auzoko aparkalekutik abiatuko da.
Sare indartsua mantendu
Eskerrak emateaz gainera, azaroaren 20koa «sare indartsu hori mantentzen jarraitzeko» baliatu nahi dute antolatzaileek. Izan ere, argi dute edozein unetan egoera aldatu eta berriro furgonetak garajetik ateratzeko premia egon daitekeela. «Behar denean edonora» bidaiatzeko prest daude gidari guztiak, oso argi dute hori. «Senideen eskaeraren zain geratuko gara, adi. Beharrezkoa bada auto edo furgoneta bat alokatu eta berriro errepidea hartuko genuke, inongo zalantzarik gabe gainera. Mirentxin ez da hemen bukatzen, boluntarioekin harremana mantenduko dugu, hori da bazkariaren asmo nagusia».