20 urtez itsas ondarea defendatzen
Bi hamarkada bete dira Itsas Gela egitasmoa sortu zutenetik, Mater proiektuaren oinarriak ezarri zituena. Izaskun Suberbiola zuzendariak "norabide berri baten eraikuntzan" parte hartzen jarraitu nahi dutela adierazi du.
Itsas ondarea zaindu eta ezagutarazteko, eta aldi berean itsasoaren natur balioak zabaldu eta zaintzeko sortu zuten duela hogei urte Itsas Gela elkartea, gerora, 2005ean, Mater Museo Ekoaktiboaren oinarri izango zena. Horren ikur, San Pedron dagoen Mater ontzia da. Izaskun Suberbiola zuzendariak bi hamarkada hauetan lortutakoari eta etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa egin du.
Gogorarazi du 2001. urtean proiektua martxan jarri zuen talde sustatzailea, eta haiei esker, “garai eta behar berrietara” egokituz aurrera joan direla nabarmendu du. Ildo honetan, naturarekin berriz konektatzeko mugimendu bat piztu zutela adierazi du Suberbiolak, “ingurunearen zaintzarako pertsonak protagonista bilakatuz”.
Urte hauetako lanaren emaitzak bildu dituztela ere gogorarazi du, hainbat sari jaso baitituzte horren ondorioz, adibidez, ODS14 itsasoaren sentsibilizazioan edo Emakumeen Lurra saria, ingurumenaren aldeko ekintza eredugarriagatik.
Orain arteko erronkak lortzeko bidea egiten jarraitzeko asmoa azaleratu du zuzendariak, itsasoa bizi iturri dela ardatz gisa: “Norabide berri baten eraikuntzan parte hartu nahi dugu, non bizitzak ematen digunarekiko errespetua eta zaintza erdigunean egongo diren. Itsasoa, badakigu, bizi-iturria da”.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkio bere aitari, entitatearen sorreran “transmititzen jakin zenuen irmotasunarengatik”. Bere esanetan, gaur egungo Mater definitzeko oinarri eta arima da hastapeneko irmotasun hura.