"Ez dugu kaleratzerik nahi, ez eta udal instalazioak itxi eta herritarrak zerbitzurik gabe geratzea"
Galtzaraborda eta Fanderiako kiroldeetako eta Kaputxinoetako igerilekuko langileak kalera atera dira gaur, LAB, ELA eta CCOO sindikatuak deituta. Kirol gune hauek kudeatzen dituen BPXport enpresak ez du sinatu plegu berria, ez beste inork ere ez sindikatuen arabera. Hortaz, langileen etorkizuna zalantzan dagoela salatu eta erantzunak ematea eskatu dute.
Elkarretaratzea egin dute Herriko plazan Galtzaraborda eta Fanderiako udal kiroldegietako eta Kaputxinoetako igerilekuko langileek LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta. Gaurtik aurrera, ostiralero, bertako langileen etorkizunaren ezjakintasuna salatzeko elkartuko direla eman dute jakitera.
Izan ere, apirilean plegu bat sinatu behar zuen orain udal instalakuntzak kudeatzen dituen BPXport enpresak, baina udalak eskaintzen zuen bi urteko kontratuarekin ados ez zeudela adierazi zuten, eta ez sinatzea erabaki. Ordutik, ez dute beste plegu baten berrik izan, eta apirileko kontratua ez duela beste entitate batek sinatu baieztatu dute sindikatuek.
Egoera honen aurrean, BPXportek kirol gune hauek urtarriletik aurrera ez dituela kudeatuko erabaki duela diote, “ez delako errentagarria”. Hortaz, langileen etorkizuna zalantzan dagoela salatu eta erantzunak eskatu dizkiote udalari sindikatuek: “Ezin dugu ezjakintasun honekin jarraitu, erantzunak nahi ditugu. Ez dugu kaleratzerik nahi, ez eta udal instalazioak itxi eta herritarrak zerbitzurik gabe geratzea”.
Udalak konponbidea bilatzen saiatuko zirela eman zien jakitera enpresari eta sindikatuei, eta horregatik, bilera bat egin behar zuten aurreko astean baina bertan behera geratu zen. Orain, beste bilera bat eskatu dute, abendua iristear dagoelako eta hemendik bi hilabetetara utziko dituelako ardurak BPXport-ek.