La dramática errante taldeak 'Altsasu' antzeztuko du igandean Donibanen
Juanba Berasategi aretoan eskainiko dute antzezlana datorren igandean (hilak 14). Emanaldia 19:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude jada.
'Altsasu' antzezlana Juanba Berasategin taularatuko dute. La dramática errante antzerki taldeak Altsasu lana eskainiko du datorren igandean (hilak 14) Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrerak hasi baino lehen, aretoan, edo dagoeneko online eros daitezke.
Asier Urbietak sortu eta zuzendutako telesaila eta Marc Parramonek eta Amets Arzallusek zuzendutako dokumentala antzerki ere bihurtu dute. Joan den urriaren 28an estreinatu zuten Bilboko Arriaga Antzokian Maria Goiricelaya bilbotar aktore eta antzerkigileak zuzendutako Altsasu antzezlana.
Ikuskizunak Altsasuko inauterietako pertsonaia esanguratsuenetako bat den Momotxorroaren irudia hartu du abiapuntutzat, azken urteotako kasu judizial “polemiko eta sinestezinetako” batean murgiltzeko, sortzaileek aitortu dutenez. 2016ko urriaren 15ean udalerri horretan izandako gertaeretan oinarritutako lana da.
Obra oholtzaratuko duten aktoreak honakoak dira: Nagore Gonzalez, Egoitz Sanchez, Aitor Borobia eta Ane Pikaza.
